Talent Housek urtebete egin du
38 herrialdetako 200 ikertzaile baino gehiagok hartu dute ostatu Talent House egoitzan
Aieteko Talent House edo ikertzaileentzako egoitzak urtebete egin du jada. Donostiako Sustapenak adierazi du eraikinak eta bertan eskaintzen diren zerbitzuek “oso harrera ona” izan dutela. Lehen urtean 38 herrialdetako 200 ikertzaile baino gehiago hartu ditu. Ikertzaileei ematen zaien harrera zerbitzuetako bat ostatu ematea da. Zerbitzu horien guztien bidez I+G+B zentro profesionalak erakartzeko lana erraztu nahi zaie, ikerketa lanak hirian egiten dituzten profesionalak eta beren ezagutza hiriko enpresa ehunarekin partekatzen dituztenak, hain zuzen.
Zenbait hilabeteetan %90eko okupazioa izan du Talent Housek. Bataz besteko okupazioa, berriz, %75ekoa. Kanpotik datozen ikerlariei ostatu ematea da helburuetako bat, baina ez da bakarra. Bide batez gure hirira eta enpresetara profesionalak erakartzea ere bada xedea. Eredu ekonomikoa eraldatzeko giltzarri izan daitezkeela uste baitu Donostiako Sustapenak.
Arau orokor gisa, gehienez urtebete eman dezakete bertan ikerlariek. Alokairu gisa hilabetean 400 eta 900 euro ordaintzen dute, gela edo apartamentuaren arabera. Ostatua ez ezik, hiriari buruzko informazioa ere esakintzen zaie, baitaadministrazio tramiteak egiteko erraztasunak eman ere.