Jimmy Baron, D'or Fischerren aurrean jaurtiketa egiten (Argazkia: ACB).
Liga bukatzeko hiru jardunaldiren faltan, Realak datorren denboraldian Lehen Mailan jarraitzeko eskubidea lortu du, joan den larunbatean Santanderreko Racingi Anoetan irabazi eta gero (3-0). Saskibaloian, berriz, Lagun Aro Gipuzkoa Basketek etxean galdu du, igandean, Gescrap Bizkaiaren aurka (76-77). Horrenbestez, Liga amaitzeko bi jardunaldiren faltan, titulurako play offetan sartzeko txartela oraindik ez dute lortu Sito Alonsok zuzendutako jokalariek. Garaipen bakar bat behar dute, eta bi partida besterik ez dituzte helburua erdiesteko: ostegunean, Sevillan, Banca Civicaren kontra; eta igandean, Illunben, Kanaria Handiaren kontra. Lortuz gero, donostiarrek euren historian lehen aldiz jokatuko lituzkete play offak.