EHU Ibaetako jokalariak, Azu Muguruza entrenatzailearekin, dominak lepoan dituztela (Argazkia: EHU Ibaeta)
EHU Ibaetak unibertsitateen arteko emakumezkoen Espainiako txapelketa irabazi berri du. Ostiralean jokatutako finalean,Valladolideko taldeari irabazi zioten donostiarrek, 52-67ko markagailuarekin. Azken lau urteetan, EHU Ibaetak hirugarren aldiz lortu du txapelketa irabaztea. Urrezko domina merezimendu osoz jaso du Azu Muguruzak zuzentzen duen taldeak.
Espainiako Bigarren Mailako Ligari dagokionean, asteburu honetan bertan jokatu zuen taldeak bere multzoari dagokion azken partida. Etxean jokatu zuen, Josean Gaska kiroldegian, eta jai giroa nagusitu zen. Fundacion Promete izan zen aurkaria, eta 67- 46 gailendu zen etxeko taldea. Unibertsitateen arteko txapelketa jokatu ostean, nekea nabari zitzaion taldeari, hala ere, horri aurre egiteko, jokalari aldaketa bat baino gehiago egin zituen Muguruzak. Lan txukunarekin jarraitu du aurten ere taldeak Ligan, etxeko partida guztiak irabazita, eta bere multzoko lehena izatea lortu du. Behin partida bukatuta, omenaldia egin zioten taldeari, unibertsitateen arteko txapelketa irabazi duela ospatzeko.