Sorospen Etxeko zerbitzua bertan behera uztearen aldekoa da Osalde
Bikoizketekin amaitzea proposatu du osasun eskubidearen alde lanean ari den elkarteak
Sorospen Etxearen etorkizuna ezbaian dagoen une honetan, osasun eskubidearen alde lanean ari den Osalde elkarteak zerbitzua bertan behera uztearen alde egin du. Ez dute zerbitzu bikoizketa mantentzea begi onez ikusten. Osasun eskubidearekin kezkaturik dauden profesional eta herritarrak batzen dituen elkartearen iritziz, Osakidetzak Donostian dituen 24 orduko zerbitzuak indartuko beharko lituzke «eraginkorragoak» izateko.
Osaldeko presidente Juan Luis Uriaren iritziz, «zentzugabea» da Sorospen Etxea bezalako zerbitzu bat ordaintzen jarraitzea, bi kilometroko eremuan hiru osasun etxe baldin badaude. Esterlines kaleko eta Prim kaleko osasun etxeak izanda, zerbitzu bera eskainiko duen hirugarren azpiegitura bat mantentzea ez du uste Uriak egokiena denik. «Udalak, gainera, berea ez den eskumen bati lotutako zerbitzu batengatik ordaintzen jarraitu beharko luke?», galdetu du Osaldekoak.
Oposizioko alderdiek Sorospen Etxearen alde egiteko plazaratzen dituzten argudioekin ez dator Juan Luis Uria bat. Sorospen Etxera doazen turistei egiten dien mesedea edota urte luzez bete duen funtzioagatik arrazoi historikoak plazaratzen dituztela zehaztu du. Turistak osasun etxeetan eskaintzen duten larrialdi zerbitzuarekin ere «oso gustura» aterako liratekeela aditzera eman du. Oposizioko udal taldeek, ordea, «ez dute ez ixteko arrazoi zientifikorik mahai gainean jarri», azaldu du.

