Zementuzko margolan aldagarriak
Arratibelek Karmengo Andre Mariaren kalean dauka margogintza lantegia, eta bertan prestatu ditu datozen asteetan Hirutxulo plazako Tribuna Norte kafetegian ikusgai dituen lanak. «Erakusketak jartzeko gustatzen zaizkit tabernak, biziak dira, jendea joan etorrian dabilelako».
Bilduma honek bi berrikuntza dauzka. Batetik, Arratibelek egindako teknika berritzailea eta bestetik margolanen aukeraketa.
Bi urte inguru eman ditu Arratibelek zementuarekin eta margoekin probak egiten. Azkenean, joan den abenduan aurkeztu zuen teknika nahasi berria. Ekinbide honekin, margoak eta marrazkiek forma eta gorputza hartzen dute, margolanaren eta eskulturaren arteko zerbait sortuz. «Eskultura ere asko gustatzen zait, eta zementuak oso ondo heltzen dio mihiseari. Oso ondo gelditzen da!».
Teknikaren arrakastak Txinan bere lanak erakusteko proposamenak jasotzera eraman du Arratibel. «Begiratzen ari naiz, baina hara lanak bidaltzea garestia da, eta horretarako laguntzarik ez dago».
Erakusketaren bigarren berezitasuna lanen aukeraketan datza. Izan ere, gutxi gora-behera hiru hilabete iraungo dituen erakusketa aldakorra izango baita. «Bi astetan behin-edo, aldatuko ditut hainbat lan. Toki txikian erakusketa handia egiteko modua da».
Pertsona barrurako sarrera Arratibelen erakusketan pertsona aurpegi indartsuak daude. Hain zuzen ere, oso gustuko baitu erretratuak egitea. «Niretzat, erretratua egiteak pertsona horren barrura sartzeko aukera ematen dit, eta nik horrekin disfrutatu egiten dut».
Egiako margolariak, besteak beste, euskal kulturako pertsonaiak aukeratu ditu erretratatzeko; besteak beste, egunotan ikusgai dagoen Jorge Oteizarena, Aita Jose Miguel Barandiaranena eta Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi-rena. «Kulturaren munduko pertsonaiek erakartzen naute».
Bi ardatz horiek, hau da, euskal kultura eta teknika berritzailea uztartzen ditu Arratibelek beste lan mota batean. Hain zuzen ere, zaku oihala eta zementua erabiltzen baititu eguzki loreak egiteko ere. Horiek, baina, ohol baten gainean jarri eta «lore horrek gure arbasoentzat» zuen balio eta esanahia azaltzen du idazkun txiki batean.
Hirutxulo plazako Tribuna Norte ostatuan horien guztien adibideak ikusiko dituzte artean interesa duenak, eta baita kafea hartzeko gogoz doazenek ere. Arratibelek gonbite zuzena egiten du: «Zerbait ezberdina ikusi nahi duena, etor dadila!»