51.000 donostiarrek sufritzen dute baimendutakoa baino zarata handiagoa
Donostiako Udalak Zarataren Mapa aurkeztu du gaur. Herritarren ia herenak, %28k, baimendutakoa baino zarata handiagoa jasan behar izaten dute gauez. Guztira 51.000 donostiarrek sufritzen dute gauez baimendutakoa baino zarata handiagoa; 55 dezibeliotik gorakoa.
2005ean egindako Zarataren Maparekin alderatuta %10 jaitsi da kaltetutakoen kopurua. Trafikoan egindako aldaketei esker izan da hori, eta bide beretik jarraituko du udalak.2013ko uztailerako prest izango da zarata gutxitzeko ekintza plana, eta bertan jasoko diren neurri asko mugikortasunarekin lotuta egongo direla aurreratu du Iñaki Irurtia ingurumen zuzendariak. Hiri barruko trafikoa eta bariantea zein N-1ekoa dira zarata gehien eragiten dutenak. Trena ere zarata eragile nagusia da.
Auzo kaltetuenak Amara Berri, Intxaurrondo, Gros, Egia eta Añorga dira. Zarata mapa egiterakoan ez da kontuan hartu gau giroko aisialdi gunetan sortzen den zarata, Europako araudiak ez duelako eskatzen, baina ekintza planean arazo hori ere haintzat hartuko dute.