'Euskaraz osasuntsuago' kanpaina abian jarri dute Bagerak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) familia-mediku eta pediatra euskaldunak eskatzeko Euskaraz osasuntsuago kanpaina aurkeztu dute gaur goizean. Dani Goñi bagerakideak eta OEEko kide Jabier Agirrek mediku euskaldunen zerrendak egin dituzte, eta donostiarrak gonbidatu dituzte banatuko dituzten eskuorrietan ageri den horietatik bat aukeratu eta eskaera-orriak norberaren osasun etxean aurkeztera. Nork bere kabuz egin badezake ere, hilaren 17an, elkarrekin egingo dute eskaera. Hala, hiriko osasun etxe bakoitzean Bagera eta OEEko ordezkari bat izango da, argibideak edo laguntza emateko, 10:00etatik 12:00etara; eta 17:00etatik 19:00etara.

