Talentuak zabalik du bidea
Paris, Milan, New York eta hainbat urte barru, behar bada, Donostia ere. Asmo horrekin jaio da Gure Moda Gaur 2012 lehiaketa. Bertako moda sortzaileen lana erakusteko aukera eskaini eta moda eta diseinuzaleen plaza bilakatu nahi dute Donostia. Moda Gipuzkoako kide Maria Asun Dominguezek esan bezala, urte luzez «ezkutuan eta bakarka» egindako lana erakusteko unea heldu da, eta halaxe izango da. Bihar Gure Moda Gaur 2012 lehiaketan parte hartu duten hamabost diseinatzaile sailkatuek epaimahaiaren azterketa gainditu beharko dute.
Xehetasunik galduko ez duten maisuak txunditzeko gai denak 2.000 euroko saria eskuratuko du. Dena den, lehiaketa baino, biharkoa moda eta jantzigintzaren festa handi bat izatea nahi dute antolatzaileek. Hortaz, moda gustuko dutenek zabalik izango dituzte, bihar, Illunbeko Joy Eslava diskotekako ateak. Desfilea 20:00etan hasiko da eta irabazlearen izena 22:00etan emango dute ezagutzera. Lehiaketa antolatzen lagundu duen AEG ikastetxeko komunikazio zuzendari Mikel Arbiza «txundituta» geratu da aurkeztu dituzten lanekin. «Maila altuko» lanak aurkeztu dituztela nabarmendu du Arbizak. «Lehiaketa oso azkar antolatu zen eta oihartzun handiegirik izan ez duen arren, hogei bat proposamen aurkeztu dituzte». Horietatik hamabostek egin dute aurrera eta bakarrak jasoko du sari potoloa.
Azken txanpara heldu diren diseinatzaileen artean 13 dira gipuzkoarrak. Gipuzkoan «modazale asko» dagoela azaldu du Arbizak eta «lan interesgarriak» aurkeztu dituztela ziurtatu du. AEG ikastetxean orain hamar urte hasi ziren moda eta jantzigintzarekin lotutako ikasketak eskaintzen eta ikastetxetik igarotako 6-7 ikasle ohik ez dute lehiaketan parte hartzeko aukera galdu. Bartzelonan ikasketak egin dituzten beste lau lagunen lanak ere biharko desfilean ikusi ahal izango direla erantsi du.
2012ko udazken-negu denboraldirako emakumeentzako hiru jantzi eta gizonentzako beste bi sortzea izan da proposatutako eginbeharra. Emaitza Joy Eslava diskotekara hurbiltzen den orok baloratu ahal izango du. Moda gustuko duten guztiek ateak zabalik izango dituztela jakinarazi du desfilea antolatu duen Fagus enpresako merkataritza zuzendari Karlos Fouzek. Hamar euro ordaindu beharko dira sartzeko. Sarrera ordaintzeak, baina, merezi duela ziurtatu du. 15 partaideek «kolekzio ikusgarriak» aurkeztu dituztela dio. 2016, jomuga
Biharko desfilea, baina, hirian eta lurraldean sustraitu nahi duen proiektu baten abiapuntua besterik ez da izango. Bihartik aurrera, datorren urteari begira lanari ekingo diotela adierazi du Fouzek. «Jaialdiaren balantzea egiteko bilera egingo dugu lehenik eta behin». Ondoren, jostun berrien lana bultzatzeko prest dauden eragileen artean lan talde bat osatuko dutela jakinarazi du Fagus taldeko kideak. Talde horretan, besteak beste, Adegi Gipuzkoako enpresarien elkarteak, Moda Gipuzkoak, AEG ikastetxeak, Fagusek, Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hartuko lukete parte.
Euren lanari oihartzun handiagoa emateko gogoz dauden beste 60 enpresa dituztela atzetik aditzera eman du Karlos Fouzek. Guztien artean, bada, datozen urteetan eman beharreko pausoak finkatu nahi dituzte.
Datorren urtera begira, behinik behin, ekimen irekiagoa egitea da helburua. Udalaren laguntza baliatuz, gune publikoak erabili nahi dituzte moda arloan egiten den lana ezagutzera emateko. Hasiera batean, 2013ko jarduerak hiru gune publikoetara zabaltzeko asmoa dute.
Ekimenaren sustatzaileek, era berean, 2016. urtea dute jomuga. Ordurako, desfile bakarra ez, astebetez luzatuko den Moda Astea prestatzea gustatuko litzaieke. Europako Kultura Hiriburutzaren urtea izanik, mundu zabalera jauzia eman nahi duten jostunentzat erakusleiho paregabea bihurtzea espero dute.
Moda Astearekin batera, goi maila beste eskolaren bat edota beste hamaika ekimen sor daitezkeela gaineratu du Mikel Arbizak. «Helburua elkarlana sustatzea eta mugimendua sortzea baita; azken batean, jantzigintzaren sektorea indartu nahi dugu», esan du. AEG ikastetxeko komunikazio zuzendariak hainbeste arrakasta duten sukaldariak ditu eredu. «Nahiz eta elkarren lehiakide izan, elkarlanean ari dira arlo askotan eta askoz gehiago lortzen dute», azaldu du. Gure Moda Gaur 2012 20:00etan. Desfilea. Kike Delego eta Laura Chamorrok aurkeztuko dute ekitaldia. 22:00etan. Irabazlea nor izan den esango dute. Ondoren, festa hasiko da. Oscar Portugues gitarristak girotuko du. Sarrera. 10 euro. DISEINATZAILEAK Sonia Blanco. Liebe Azkue. Irati Auzmendi. Ianire Soraluze. Iraia Oiartzabal. Susana Perez. Irati Guarretxena. Ane Urtizberea. Cristina Saenz. Eneko Aranbarri. Alexandra Saavedra. Alicia Martinez. Amaia Albes. Leire Laparra. Mario Rogel. EPAIMAHAIA Javier Gonzalez de Durana (Balentziaga museoko zuzendaria). Presidentea. Iñigo Olasagasti (First Models). Monica Lavandera (diseinatzailea). Maria Asun Dominguez (Moda Gipuzkoa). Jose Ignacio Hernandez (AEG Ikastetxea). Lourdes Mariño (Verami/Cook&Fashion).


