Mediku euskalduna nahi dute
Bagerak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak Euskaraz osasuntsuago kanpaina abian jarri dute. Donostiar euskaldunek pediatra eta familia sendagile euskaldunak eskatzea nahi dute.
Euskaraz bizi nahi duten donostiarrak pauso bat gehiago egitera gonbidatu dituzte Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE). Horretarako, Euskaraz osasuntsuago kanpaina abian jarri dute.
Dani Goñi bagerakideak eta OEEko Jabier Agirre sendagile antiguatarrak atzo goizean aurkeztu zuten egitasmoaren xedea: herritarrek familia mediku nahiz pediatra euskalduna eskatzea da. Hori errazteko, datozen egunotan osasun etxeetan honen berri ematen duten eskuorriak utzi; eta euskaltegi nahiz ikastetxeen bidez banatuko dituzte.
Parte hartu nahi dutenek, bertan agertzen den mediku euskaldunen zerrendatik euren osasun etxeko bat aukeratu eta eskaera orria entregatu behar dute. Idatziak nork bere kabuz aurkez dezake dagokion artategian, baina elkarrekin egitea proposatzen dute sustatzaileek. Horretarako, hilaren 17an, 10:00etatik 12:00etara, eta 17:00etatik 19:00etara, Bagerako edo EOOko ordezkari bat izango da hiriko osasun etxe bakoitzean, argibideak emateko edo laguntzeko.
Eskabidea egiteko bi aukera daude. Batetik, mediku aldaketa eskatzeko idatzia, eta bestetik, erreklamazio arruntena. Bagerak eta EOOk azkenekoa erabiltzea eskatu dute. Goñik argitu zuenez, horietan “medikua aldatzearen arrazoia hizkuntza eskubidea errespetatzen ez dela adieraz daiteke. Beste ereduan, aldiz, halakorik ez da”. Bestalde, Agirrek aipatu zuen horiek bide administratibo zuzenagoa dutela.
Hurrengo bizpahiru hilabeteetan aurkeztutako idatziek zer erantzun jasotzen duten aztertuko dute. Jarraipena egin ahal izateko, norbere kabuz eskaera egiten dutenei, Bagerarekin harremanetan jartzea eskatu zuten. Taxuzko erantzunik jasotzen ez badute, zein urrats egin erabakiko dute. Hala ere, Agirreren hitzetan, “zoritxarrez ez da eskubide hau aldarrikatzen dugun lehen aldia. 30 urtean behin eta berriz eskatu zaio Osakidetzari. Beti ezezkoa egin du, uko egin dio edo ez ikusiarena eginez ihes egin dio eskabideari. Guk nahi duguna da Osakidetza ohartzea euskaraz artatua izan nahi duen jende asko dagoela”.
Eskaera eza, aitzaki
Kanpaina honetarako hiriko artategietan lan egiten duten familia mediku eta pediatra euskaldunen zerrenda osatu dute. Salbuespen bakarra Bidebietako osasun etxea da, han ez dago ez mediku ez pediatra euskaldunik. Intxaurrondon, aldiz, pediatrarik erretiroa hartu berri du, eta oraingoz, ez dago. “Sendagile eta langile euskaldunak egon badaude, baina ez dago euskaldunon osasun eta hizkuntza eskubideak errespetatzeko plangintza egokirik”, adierazi zuen Goñik. Zerbitzuak planifikatzerakoan hizkuntza kontuan hartzen ez dutenez, euskaldun askok mediku erdalduna du. Orain arte, Osakidetzak arazoa konpontzeko borondate gutxi izateaz gain, “eskaera eza argudiatuta”, hurrengo eskaintza publikoan euskarari balio gutxiago emango diotela ere gogora ekarri zuen Goñik. Ildo beretik, osasun zerbitzu publikoak euskararekiko duen jarrerak okerrera egin duela baieztatu zuen Agirrek. “Osabideko txantiloi informatikoan gaixoaren datu eta historiarekin batera, harremana euskaraz edo erdaraz nahi duen jartzeko eskatu zen. Bengoaren erantzuna horrek datuen segurtasuna, gaixoaren intimitatea, zalantzan jartzen zuela izan zen”.
Sendagileen eta gaixoen arteko harreman pertsonala norberak aukeratutako hizkuntza egin ahal izatea ezinbestekotzat jo zuen antiguatarrak. “Zer kalitate eskaintzen du osasun zerbitzu batek, pertsonala, intimoa eta garrantzitsua den gaixoaren eta medikuaren harremana euskaraz izaterik ez bada? Hor kalitate eza ez ikustea, Osakidetzaren akatsa da”. Testuinguru hori kontuan hartuta, Goñiren ustez,”euskaldunok eskubidez dagokigun osasun zerbitzu euskalduna exijitzeko garaia da”.


