2012-2013 denboraldia aurkeztu du Euskadiko Orkestrak
‘Musika irekia’ lelopean, ahalik eta jende gehienarengana iritsi nahi dute, irailetik aurrerako egitarauarekin
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2012-2013ko denboraldiko gakoen berri eman du, bere arduradunen bidez. Miramongo egoitzako matineeak, Klasik AT zikloa, musika laborategia, grabazioak, kontzertuak… denetik izango da denboraldi berrian ere, Musika irekia lelopean.
Ohiko musika sinfonikotik haratago, beste formatu gehiagotan azalduko da orkestra. Helburua, argia da, ahalik eta publiko gehien erakartzea.
Musikene eta Ken Zazpi
2011-2012 denboraldia bukatzeko, hiru programa geratzen dira, ekainean bukatuko baita. Denboraldi berria, berriz, 2012-2013koa, irailean hasiko da. Zehazki, abonamendu denboraldia, irailaren 28an abiatuko da Gasteizen eta 2013ko ekainaren 17an amaituko da Bilbon. Guztira, 15 programa eskainiko dituzte, 11 kontzertu Bilbon, Donostian eta Gasteizen; eta 10 kontzertu Iruñean. Aipatzekoa da, orkestrak lehen aldiz interpretatuko duela G. Mahlerren Seigarren Sinfonia erraldoia. Obra horretan, Musikeneko ikasleekin lankidetzan arituko da.
Klasik AT atalean, berriz, Ken Zazpi izango da gonbidatua. Hala, pop-rock talde bizkaitarra Euskadiko Orkestrarekin zuzenean izango da, abenduaren 10etik 14ra. Aurreko denboraldian, Kepa Junkera trikitilaria izan zen ziklo horretako protagonista. Azken batean, orkestra baten errepertorio sinfonikoan ohikoak ez diren abestiak lantzea da helburua.

