Fort Piercetik zesta puntako hiru titulurekin itzuliko da Mikel Egiguren
Aietekoa izan da 22 puntisten artean kiniela gehien irabazi dituena Floridako frontoian
Fort Pierce 2012
Mikel Egiguren aietearrak bukatu du Ameriketako Estatu Batuetako zesta punta denboraldia; eta etxera itzultzekotan da, bihar bertan. Pozik egoteko moduan dago Egiguren, izan ere, Floridako Fort Pierceko 38. denboraldian hiru titulu eskuratu ditu. Buruz burukoan eta binakakoan, sailkapeneko lehena izan da, eta aldi berean, bera izan da kiniela garaipen gehien lortu dituen puntista.
Fort Pierceko frontoia 1974an eraiki zuten, eta Florida Gaming Corporation enpresaren jabetza da; Miami Jai Alai kudeatzen duen enpresa bera. Aurtengo denboraldiak bi hilabeteko iraupena izan du. Aurten, guztira parte hartu duten 22 puntisten artean, 74 kiniela irabazi ditu Egigurenek. Atzetik jarraitu dio Jonathan Hernandezek, 63 garaipenekin, eta hirugarren postuan, berriz, Iker Foronda geratu da, 46 garaipenekin. Buruz buruko partidei dagokienean, 11tan izan da garaile Egiguren, Hernandez bezalaxe. Binakako lehietan, aldiz, aurrelari onena izan da, 13 garaipen lortuta; bere atzetik, Alex Hormaetxea eta Santi Olabe geratu dira. Hala, Koro Hirukoitza deitzen diotena eskuratu du Egigurenek.
Arantza kendu du
Urte hasieran, Orlandoko frontoian ez zuen halako arrakastarik izan Egigurenek, ez baitzituen hiru tituluak eskuratu. Orain, arantza hori kentzea lortu du azkenean. Fort Piercen, lan handiena buruz buruko kinieletan onena izatea kosta zaio. Lehen postuagatik Hernandezekin borrokan ibili da denbora denboraldi guztian, eta azkenean, berdinketarekin bukatu dute, 11 kinielekin. Beraz, bien artean banatu behar izan dute titulua. Hirugarren tokian, Alliez II.a geratu da, bost garaipenekin.
Denboraldiari bukaera emateko, sari banaketa egin zuten Fort Pierceko frontoian bertan, lehengo astean. Gainera, Meet the players delako topaketa egin zuten, hala, bertako zesta punta zaleek kirolariak beraiek ezagutzeko aukera izan zuten.
- Kinielak 1. Egiguren. 74 garaipen. 2. Hernandez. 63 garaipen. 3. Foronda. 46 garaipen.
- Buruz burukoa 1. Egiguren. 11 garaipen. 1. Hernandez. 11 garaipen. 3. Alliez II. 5 garaipen.
- Binakakoa -Aurrelariak: 1. Egiguren. 13 garaipen. 2. Hormaetxea. 8 garaipen. 3. Olabe. 5 garaipen. -Atzelariak: 1. Alliez II. 8 garaipen. 2. Fernandez. 7 garaipen. 3. Hernandez. 6 garaipen.