Gazteen XXIV. Antzerki Topaketak 22 konpainia bilduko ditu
Bihartik ekainaren 15era hainbat antzezlan ikusteko aukera izango da Lugaritzen, Egian eta Antzoki Zaharrean
Gazteen Antzerki Topaketaren XXIV. ekitaldia biharik ekainaren 15era egingo dute. Profesionalak ez diren antzerki taldeak sustatzea eta zabaltzea da topaketaren helburu nagusia. Aurtengoan 22 taldek parte hartuko dute, bi kategoriatan banatuta: Junior (14-18 urte arteko antzezleekin) eta Senior (18-30 urte arteko antzezleekin). Zehazki, Junior mailan hamar antzezlan aurkeztuko dituzte, eta Seniorrean, berriz, hamabi. Horietako bederatzi obra euskaraz izango dira, eta gainontzeko hamairuak gaztelaniaz.
Antzezlanak ikusteko sarrerek hiru euroko prezioa izango dute. Parte Zaharreko Antzoki Zaharrean hamahiru antzeztuko dituzte, Egiako kultur etxean lau eta Antiguako Lugaritz kultur etxean bost.
Jaia egingo dute
Epaimahaiari dagokionean, arte eszenikoen munduko hiru profesional gaztek osatuko dute: Joseba Roldan Aguado eta Kattalin Ansorena donostiarrak, eta Errenteria-Oreretako Olaia Gil. Bi kategorietako antzezlan irabazleek 500 euroko saria jasoko dute. Bestetik, topaketari bukaera emateko, ekainaren 15ean, Antzoki Zaharrean jaia egingo dute.

