Mikel Aranburu. (Argazkia: Realsociedad.com)
Hamabost urtez lehen taldean aritu eta gero, Realeko kapitainak agur esango dio futbolari denboraldiaren amaieran
Liga amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen, eta bereziak izango dira oso. Izan ere, azken hamabost urteetan Realeko ikur izan den Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) bere futbol ibilbideko azken partidak jokatuko ditu datozen egunetan. Erdilari azpeitiarrak futbola utziko duela jakinarazi berri du Zubietan egin duen agerraldian.
“Oso ondo pentsatutako erabakia” dela azpimarratu du jokalari txuri-urdinak eta «Gauzak bere garaian uzteak balio handia du», esan du. Hain justu, jendeak eta klubak berak beste urtebetez jarraitzeko eskatu diotela aitortu du eta bera, gaitasunez ondo dagoela onartu arren, agur esateko unea dela esan du. «Bukaera arte jokatzeko aukera izan dut, taldearen partaide sentitu naiz, baina fisikoki eta mentalki nekea ekartzen du hainbeste urtez goi mailan egoteak», azaldu du.
Aranburuk, hain zuzen ere, 1997. urtean egin zuen debuta, Javier Irureta entrenatzaile irundarraren eskutik. 424 partida jokatu ditu orain arte, eta 32 gol sartu ditu. «Momentu egokia dela uste dut. Realarentzat, gainera, ez da beste munduko kaltea izango. Jokalari on asko daude zelai erdian jokatzeko», erantsi du azpeitiarrak.