Amaia Ramirez, komunikabideekin egindako gosariko momentu batean. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Komunikabideekin egindako gosarian, denboraldiaz eta jokalarien joan etorriaz aritu da
Bera Bera Eskubaloiaren inguruko hainbat albiste eman zituen Amaia Ramirez presidenteak, komunikabideekin atzo egindako gosarian; kargua utziko duela, kasu. Taldearen 2011-2012 denboraldiko balantzea oso ona izan dela baloratu zuen Ramirezek; «oso nota onarekin gainditu dugu; aspalditik jarraitzen genituen helburuak lortuz». Gainera, taldeari etorkizun oparoa ikusten diola aurreratu zuen, hainbeste desio zuten harrobi sendoa osatzea lortu baitute. «Lorpenik ikusgarriena, Txapeldunen Ligarako sailkatu izana da, baina harrobian lan handia egin dugu Egiako klubarekin batera, eta seniorren bigarren taldea mailaz igotzea lortu dugu», azaldu zuen Ramirezek. Azken batean, Bera Berak eta Egiak betetako hitzarmenari esker, harrobia sendotzea, eta goiko taldearen eta behekoen arteko tartea gutxitzea lortu dute. Berari dagokion albiste bat ere eman zuen Ramirezek, abuztuan bere postua utziko duela. «Ez da bapatean hartutako erabakia izan, ongi pentsatu dut». Hala ere, taldea lasai utziko duela esan zuen, arlo bakoitzak bere arduraduna baitu: taldeko entrenatzailea Reyes Karrere da, Veronica Valverde harrobiko taldeez arduratzen da, Tati Garmendiak babesleekin harremanak egiteko ardura du, eta Elisabet Barrerak administrazio kontuak eramaten ditu.
Etorkizunari baikortasunez begiratzen dio Ramirezek, taldea sendo ikusten baitu, kirol arlotik kanpo ere. Hala ere, oraindik lortu beharreko erronkak badituztela argi utzi zuen. «Uste dut momentu honetan talde eredugarri bat garela. ‘Gu’ bat osatu dugu, klub bat, baina gizarteratzea falta zaigu; hortik beste eragile batzuengana iritsiko gara».
Jokalari aldaketak
Bera Beraren arduradunek argi zuten hain ongi funtzionatu duen taldearen muina mantendu nahi zutela datorren denboraldiari begira. Ezin izan izan dituzte nahiko zituzten jokalari guztiak lotu, baina bide onetik doaz. Melinda Berta eta Anita Campari baja eman diete; hiru eta bi denboraldiz egon dira taldean, hurrenez hurren. Gainontzeko hiru bajak, arduradunen nahiko luketeenaren aurkakoak izan dira, baina harro daude jokalari horiek Bera Beratik igaro izanaz. Batetik, Ana Punko Errusiako Krasnodar taldera itzuliko da, proiektu berri bat eskaini baitiote. Bestetik, Bea Fernandezek eskaintza ekonomiko handiagoengatik utziko du taldea. Azkenik, ezustekorik handiena Dara Carvalhorekin jaso dutela onartu zuen; beste urtebeterako kontratua zuen arren, duela gutxi jakin dute taldea utziko duela. Zalantza asko izan dituen arren, Brasilera itzuliko da.
Hutsune horiek kontuan izanda, dagoeneko lanean hasi dira, eta Veronica Cuadrado lotua dutela jakinarazi zuen Ramirezek. Hortik aurrera, beste izenik eman ez bazuten ere, dagoeneko zenbait jokalari erdi itxita dituztela aurreratu zuen. Edonola ere, taldeak prest egon beharko du irailean 22ko asteburuan Txapeldunen Ligako kanporaketan parte hartzeko. Zuzenean sartzea lortzen ez badute, Europa Kopan lehiatuko dira. Eta noski, ABF Ligaz gain, Superkopa jokatuko dute, Itxakoren aurka.
Maiatzaren 12an, jaia
2011-2012 denboraldiari dagokion ABF Liga bukatzeko bi jardunaldi falta dira. Bihar Eldaren aurka jokatu ostean, Murtziaren aurka jokatuko du Bera Berak maiatzaren 12an, Bidebietan, 19:00etan. Ondoren, zaleei eskainitako jaia egingo dutela jakinarazi dute,
Zu ere Champions zara lelopean.