Bidaiariak noiz igoko zain
Estreinaldi tristea izan zuen Miramon teknologia parkeko enpresetara heltzeko atzo abian jarri zuten lineak. Goizeko txandan bost lagun besterik ez ziren igo autobusera. Bidaiarien zalapartari ohituta dauden German Cervo eta Jon Badillo autobus gidarientzat arrotza zen atzoko egoera. Geltoki inguruetan baten bat topatuz gero, begira-begira geratzen ziren autobusera igotzeko imintziorik egiten ote zuen ikusteko. Autobusera igotzeko nahikoa izan ez bazen ere, Miramon inguruko enpresetatik Donostiabusen autobusa ikusteak bati baino gehiagori deitu zion arreta.
Ostiralean aurkeztu zuten probako linea azaroa bitartean ibiliko da; oraindik izango du langileen artean ezagunagoa egiteko denbora, beraz. Arbide dorreetara, EITB ala Miramongo beste enpresaren batera joan behar duenak, bada, ez du zertan autoaz kezkatu, Poliklinikatik Miramondik barrena ibiltzeko autobusa izango duelako astean zehar zain. Aurretik, halere, ordutegiari begiratzea komeni da, 8:00etatik 10:30era eta 16:15etatik 19:15etara dabilelako. 15 minutuko maiztasuna du eta doakoa da.