Hogei donostiarrek jo dute Neguko Aterpera
Azaroaren 15etik apirilaren 30era egon da zabalik, eta 149 pertsona hurbildu dira Zorroagako zerbitzura
Tenperaturak gora doaz eta negu hotzean kale gorrian bizi diren herritarrentzat udaleko Ongizate Sailak eskaintzen duen Neguko Aterpeak ateak itxi ditu. Azaroaren 15ean ireki zituen ateak eta apirilaren 30a arte egon dira lanean. Hilabeteotan 149 lagun hurbildu dira Zorroagara; horien artean, hogei donostiar.
Ongizate Sailak eman dituen datuen arabera, otsaila benetan gogorra izan zen, Zorroagako ekipamenduak gauero eskaintzen dituen 40 oheak motz geratu baitziren 11 egunetan. Neguko Aterpeko eta Caritaseko Hotzaldi zerbitzuaren eskaintza handitzeko, termometroak zero azpitik dabiltzanean jartzen dute ate irekien zerbitzua abian. 2011ko otsailean behin bakarrik jarri bazuten abian; aurten, hamaika egunetan. Denera, 342 lagunek baliatu dute ate irekien zerbitzua.
Neguko Aterpearen erabilera «nabarmen handitu» dela adierazi du Jon Albizu Ongizate zinegotziak. Horregatik, zerbitzua indartzeko premia ikusi du udal gobernuak. Datorren udazkenari begira, Zorroagako aterpeak Neguko Aterpea izateari utziko dio, ia urte guztirako irekita mantentzeko asmoa dutelako. Zerbitzua nola finkatu eta eskaintzaz baliatzeko jarraituko dituzten baldintza eta irizpideak zehazten ari dira orain. Horretarako, udal teknikari eta gizarte eragileek lantaldea osatu dute.
%104ko okupazioa
Neguan aterperik ez dutenentzat 120 ohe eskaintzen dituzte. 40, Neguko Aterpeak eskaintzen ditu; 40, Caritasen Hotzaldi zerbitzuaren bidez; eta beste 40, Marrutxipiko Abegi Etxeak. Nahiz eta aurten Neguko Aterpean %98,3ko okupazioa lortu –orain arteko altuena–, udalak ez du ohe kopurua handitzeko asmorik; bai, ordea, zerbitzua hilabete gehiagoz luzatzeko. Otsailean, %104,8ko okupazioa izan zen. Gau bakoitzeko 41 lagun zenbatu zituzten batez beste.
Neguko Aterpean nork lo egin dezakeen erabakitzeko, gizarte larrialdietarako udal zerbitzuak ezartzen ditu irizpideak. Iñigo Estonba gizarteratze alorreko atalburuak azaldu duenez, lehen Neguko Aterpera joateko txartelak banatzen zituztenean, «kontrola txikiagoa» zen. Orain, gizarte langileek egiten dituzten elkarrizketen bidez erabiltzailearen egoera neurtu eta aukeraketa egiteko lehentasunak ezar ditzaketela adierazi du. Hala, ahulenek dute (gaixoek edota haurdunek) Neguko Aterpean sartzeko aukera handiagoa. Sasoiko daudenentzat, berriz, beste zerbitzu batzuetara bideratzen dituztela azaldu du Estonbak.
Erabiltzaileen artean, bestalde, alkohol eta botika kontsumo dela-eta izan diren gorabeherak «larriagotu» direla eta momentu batzuetan «tentsio handiko egoerak» sortu direla aditzera eman du Ongizate Sailak egindako balantzean.
Balantzea:
Azaroaren 15etik apirilaren 30era. Azaroan ireki eta martxora arte egon ohi da Neguko Aterpea zabalik. Aurten, apirilaren 30a arte eskaini dute zerbitzua.
168 gau eta 149 lagun. Sei hilabeteotan 168 gauez egon da zabalik eta 149 lagunek jo dute Zorroagako zerbitzura. Gau bakoitzean 37 herritar egon dira aterpean. Okupazioa, beraz, %98,3koa izan da, orain arteko altuena.
Otsaila. Azaroan elkartu da Ongizate Sailaren zerbitzuan herritar gutxien. Gehien, berriz, otsailean. Ongizate Sailak 40 ohe eskaintzen ditu, hotzak gogor jotzen duenean, ordea, eskaintza indartu egiten dute. Tenperatura zeroz azpikoa denean, ate irekien zerbitzua jartzen dute abian, eta otsailean 11 egunez jarri dute abian. 2011n, berriz, egun bakarrean eskaini zuten ate irekien zerbitzua. Otsaileko okupazio datua %104koa da; batez beste, 41 pertsonek jo zuten Neguko Aterpera gau bakoitzean.
Oro har, martxoan ez beste hilabeteetan, 2011-2012ko okupazio datuak aurreko urteetakoak baino handiagoak izan dira.
Gizonak; 39 urte. Neguko Aterpera jo duten 149 herritarretatik 111 gizonak ziren eta 38 emakumeak. Herritar horien batez besteko adina 39 urtekoa da (41, emakumeena eta 38, gizonena),
Donostiarrak. Zorroagara hurbildutako 149 herritarren artean 20 dira donostiarrak (%13).
Jatorria. 23 herrialdetako gizon emakumek jo dute Neguko Aterpera. Euskal Autonomia Erkidego eta Espainiako jatorria dutenak 62 dira, guztira. Zerrendan hurrengoak Marokokoak (45) eta Aljeriakoak (10) dira.

