Andy Pankok ACB Endesa Ligako MVP izatea lortu du
Valentzia Basket izango da Lagun Aro GBCren aurkaria, tituluarengatik borrokatzeko ‘play off’eko finalerdian
ACBko ‘play off’ak: Final-laurdenak
Denboraldi bikaina oraindik ere hobeto bukatzeko aukera izango du Lagun Aro GBCk. ACB Endesa Ligan egindako lan bikainari esker, sailkapeneko bosgarren tokian geratu da, 19 partida irabazita eta 15 galduta. Gainera, jokalaririk onena Andy Panko izan da, hala baloratu dute behintzat Ligako arduradunek, eta MVP (Most Valuable Player) izendatu dute. Orain, taldeak tituluarengatik borrokatuko du, maiatzaren 17an, osteguna, hasiko den play offean. Urtero legez, Ligako zortzi talde onenak izango dira tituluarengatik borrokatzeko lehian, eta urtero legez, Madrileko olinpiar batzordearen egoitzan egin zuten aurkezpena, atzo goizean. Honakoak izango dira aurtengo zortzi aurkariak: Lagun Aro GBC, Bartzelona Regal, Lucentum Alicante, Valencia Basket, Real Madril, Banca Civica, Caja Laboral eta Gescrap Bizkaia. GBCren aurkaria Valencia Basket izango da, eta partida irabazten badu finalerdietan izango da, Bartzelona-Alicante partidako irabazlearen aurka.
Hainbat sari eman zituzten aurkezpen ekitaldian, tartean, Ligako boskote onena hautatu zuten. Hala, GBCko Sergi Vidal eskolta onena eta Andy Panko hegaleko onena izan direla baloratu zuten, honakoekin batera: Sergio Llull (Real Madrid), Mirza Teletovic (Caja Laboral) eta Erazem Lorbek (FC Barcelona Regal). Gainera, ez zen izan bi jokalariek jasotako sari bakarra. Pankok denboraldiko MVP saria jaso zuen, ongi merezita, eta bere emazteari eskaini zion, ingelesez esan zituen hitz batzuen bidez. Vidalek, berriz, Actitud Azul izeneko saria jaso zuen, bere jarrera baloratuz.
Orain arte sei talde izan dira ACB Liga irabaztea lortu dutenak, eta GBCk zazpigarrena izan nahi du. Vidalek berak argi utzi zuen ez direla ongi pasatzera bakarrik joango. «Denboraldi bikaina egin dugu, baina oraindik ez dugu bukatu. Gure gakoa lehiakortasuna izan da; beraz, irabazi nahi digunak oso ongi egin beharko du», adierazi zuen Vidalek aurkezpenean. Sito Alonso GBCko entrenatzaileak sekulako lana egin du denboraldi bakarrean, taldea lehen aldiz play offerako sailkatzea lortu baitu. Ea zer gertatzen den aurrerantzean.
- Bartzelona Regal-Lucentum Alicante.
- Valentzia Basket-Lagun Aro GBC.
- Real Madril-Banca Civica.
- Caja Laboral-Gescrap Bizkaia.