John Andueza institutuko ikasleen egunerokoan murgildu da
John Anduezak gazteentzat idatzitako liburu batekin egin du salto lehen aldiz literaturaren plazara: Larunbatean Bukowskin (Elkar, 2012). Bere lehen literatur lana bada ere, beti izan du idazteko ohitura. Gidoigintzan lan egin du, eta zenbait kontakizun labur eta ipuin ere idatzi ditu egile arrasatearrak.
Donostiako institutu bateko ikasleak dira protagonistak. Haien gazi gozoak eta argi ilunak kontatu ditu. Sexua, teknologia berriak, rocka, drogak… Haien egunerokotasuneko osagaiekin thriller bat osatu duela esan du.
Aspalditik zuen gazteentzako liburu bat argitaratzeko gogoa: «Telebistak gazteentzako saio gutxi egiten ditu; eta literaturan, berriz, askotan atzerriko hizkuntzatara jo behar izaten dute».
Izenburuak Egiako Bukowski tabernari egiten dio erreferentzia. Tituluari erreparatuta istorio oso donostiarra dela iruditu arren, liburuko protagonistak edozein institututakoak izan daitezkeela azaldu du idazleak.