Quironek zuhaitzak landatu beharko ditu mozketa egin zuen lekuan
Bi hilabeteko epean, erietxe azpiko berdeguneko landaretza berreskuratzeko plana aurkeztu beharko dute
Eguzki talde ekologistak Quiron erietxearen azpian eta Egiako parkearen ondoan dagoen berdegunean 50 zuhaitz bota zituztela salatu zuen martxoan. Zuhaitzak nork moztu zituen eta hori egiteko arrazoiak zeintzuk ziren ezagutu nahi zituzten. Udal gobernuak Quiron erietxeak bota eta udal baimenik gabe egin zuela argitu zuen. Udalak, bada, zuhaitzak ziren lekuan berriak landatzera behartu du erietxea kudeatzen duen Grupo Hospitalario Quiron enpresari.
Landaketa, halere, azaroa eta martxoa bitartean egin beharko du, orduan baita garai aproposa. Aurretik, inguruko landaretza berreskuratzeko plana aurkeztu beharko dute.
Bi hilabete izango dituzte plana aurkezteko baita zuhaitzak ziren Egiako parke ondoko eremua txukuntzeko ere. Sute arriskurik egon ez dadin, lurrean dauden egurrak behar bezala jarri eta sarbideak egokitu beharko dituzte.
Axier Jaka Ingurumen zinegotziak azaldu duemez, «udal gobernuak ez du Quironek egindako ekintzaren antzekorik onartuko». Bilduko zinegotziak, gainera, «horrelako ekintzak burutzeko asmoa duten guztiekin jokabide bera» izango dutela nabarmendu du.


