Kale izendegia aldatu dute, baina plakek bere horretan jarraitzen dute

Udal gobernuaren kudeaketaren «erakusgarri» dela adierazi du PPko Jose Luis Arrue zinegotziak 

Udalbatzak kale izendegia aldatzea erabaki zuen urrian eta Musika eta Dantza Eskola dagoen plazak Hirutxulo izena izateari utzi zion, Atotxako Zelaia izenaren mesedetan. Azaroaren 29an, berriz, epai desberdinak medio, Mikel Gardoki kalea Bordatxipi izenagatik aldatzea adostu zuten. Ebazpen haiek adostu zirela bospasei hilabete igaro dira; kaleotako plakek, baina, aldatu gabe jarraitzen dute. Izendapen berriaz ezer ez dakitenek Hirutxulo plazatik eta Mikel Gardoki kaletik dabiltzala pentsatuko dute oraindik.

Egoera hori udal gobernuaren kudeaketaren «erakusgarri» dela jakinarazi du PPko zinegotzi Jose Luis Arruek. Bilduko ordezkariak eraginkortasunaren eredu, behinik behin, ez direla esan du. Udal gobernuaren aldetik «borondate falta» nagusi dela gaineratu du Arruek. «Plakak aldatu ala ez axolik ez» zaiela esan du. Arduraturik baleude aldatuko lituzketela azaldu du.

Beste ondorio batzuk

Plakak ez aldatzeak, ordea, eztabaida politikoaz gain, beste hainbat ondorio izan ditzake. Mikel Gardokiko bizilagunetako batzuk, esaterako, ezusteko galanta hartu zuten udaleko edota banketxeko ordainagiriak Bordatxipi kaleko helbidearekin iritsi zirela ikusterakoan. Aldaketa indarrean jarri aurretik, Donostiako Udalaren abisu edo jakinarazpenen bat jasotzea eskertuko luketela adierazi dute zenbait bizilagunek.

Bordatxipi kalean dagoen Zamora tabernako lagunentzat kaltea handiagoa izan zen, tabernako zigilua aldatzea erabaki zutenean ez zirelako kalearen izendapen berriaz ohartu.

Nahasterik ez sortzeko, Musika eta Dantza Eskolako arduradunek helbide berria zein zen argitzeko abisua bidali zieten hornitzaile eta banatzaileei. Haiek ere, Bordatxipin bezala, izen berriarekin jasotzen dituzte gutunak eta banketxeetako agiriak egun.

Aurrekoan, ordea, telebista batek eskolan grabaketa bat egin behar zuen eta Atotxako Zelaia plazaren helbidea eman zieten bertaratu behar zirenei. Beranduago ohartu ziren plakak aldatu gabe zeudela eta, behar bada, telebistako kideek lekua topatzeko zailtasunak izango zituztela. Azkenean ez ziren oker ibili eta Musika Eskolara arazorik gabe heldu zirela argitu dute.

HITZAkide HITZAkide