Bihar aurkeztuko dute Donostiako Zinemaldia
Ameriketako Estatu Batuetako komedia berriari eta Zinema Eraikitzen sailari ziklo bana eskainiko dio
Donostiako Zinemaldiaren 60. ekitaldia irailaren 21etik 29ra izango da. Hala, oraindik hilabete batzuk falta diren arren, aurkezpen ofiziala bihar bertan egingo dutela jakinarazi dute. Eureka! zientzia museoan izango da aurkezpena, eta bertan, sail bakoitzaren irudiak izango diren kartelak aurkeztuko dituzte, besteak beste.
Edonola, geroz eta gertuago dago 2012ko Donostiako Zinemaldia. Dagoeneko hainbat kontu azaleratzen ari dira, eta atzo jakinarazi zutenez, 60. ekitaldiak atzera begirako bat eskainiko die Ameriketako Estatu Batuetako umorezko zinemaren joera berriei: Very Funny Things. Amerikar komedia berria. Bestetik, Zinema Eraikitzen sailaren hamargarren urteurrena dela eta, Hamar urte latinoamerikako zinemarekin izeneko zikloa programatu dute, San Telmo Museoarekin batera. Ziklo horretan, Zinemalditik azken hamar urteetan igarotako filmerik nabarmenenak berreskuratuko dituzte.
Hollywooden tradizio luzea du komediak eta azken bi hamarkadetan suspertu egin dela dio Zinemaldiak, «lotsagabekeriarako, desegokitasun politikorako eta satira sozialerako tokia duen ikuspegi garaikideari esker». Zuzendari, gidoilari, aktore eta komikoen belaunaldi berriaren estiloa indarra hartzen ari dela diote mundu osoan. Very Funny Things. Amerikar komedia berria izeneko zikloan, komedia berri horren bilakaera laburtzen duten hogeita hamar film aurkeztuko dituzte, 80ko hamarkadako zenbait film aitzindari abiapuntu hartuta: Animal House (1978), Meatballs (1979), Where’s My Car (2000), The Hangover (2009)…
Zinema Eraikitzen sailari dagokionean, 2002an jaio zen, Latinoamerikako zinemaren ekoizpena bultzatzeko asmoarekin. Hala, postprodukzio fasean dauden filmak amaitzeko laguntzen bitartez funtzionatu du. Horretarako, Toulouseko Rencontres Cinemas d’Amerique Latine topaketekin lankidetzan aritu da Zinemaldia.
Franju ere gogoan
Bi ziklo horiez gain, aurretik jakinarazi zuten bezala, atzera begirako klasiko bat eskainiko diote Georges Franju zinemagileari.


