Lehen mailara igotzeko borrokan hasiko da gaur EHU Ibaeta saskibaloi taldea
EHU Ibaeta saskibaloi taldea bere multzoko lehena izan da, Espainiako Emakumezkoen Bigarren Mailako Ligan. Hori dela eta, Lehen Mailarako igoera fasea jokatzeko sailkatu da, beste zazpi talderekin batera. Gaur 13:00etan hasiko da taldearen igoera fasea, Huelvan. Casablancaren aurka hasiko da maila nagusira igotzeko ahalegina. Liga bere multzoko lider amaitu ondoren, faborito gisa iritsi da azken fasera. Beste bi aldiz ere iritsi da honaino EHU Ibaeta, baina ez du inoiz mailaz igotzea lortu.
EHU-Ibaetarekin batera beste zazpi talde daude mailaz igotzeko aukerekin, eta bik bakarrik lortuko dute helburua. Zortzi taldeak bi multzotan daude banatuta, eta bakoitzeko lehen biak sailkatuko dira finalerdietara. Finalerdietako bi irabazleak izango dira maila nagusira igoko direnak. Gaur Casablancaren kontra hasiko da; Coelbi Benbibreren aurka ariko da bihar; eta larunbatean Cortegada izango du aurkari. Finalerdiak igandean jokatuko dituzte.