Tabakaleraren erakunde adostasuna Bilduk hautsi duela dio PSEk
PSEk Tabakaleraren etorkizunaren zalantza Bilduri egotzi dio, Gipuzkoako Batzar Nagusietako kide Mikel Duranek egindako adierazpenetan. Erakundeen arteko adostasuna hautsi izana leporatu dio Donostiako Udaleko Gobernuan eta Aldundian dagoen koalizioari, besteak beste, Artelekutik bereizteagatik eta Eusko Jaurlaritzak proiektu hori eta Donostia 2016 bateratzeko egin zuen proposamena ez onartzeagatik.
Duranek egindako kritiken artean Arteleku eta Tabakalera bereizi izana dago. «Ezin duzu Tabakalera babesten duzunik esan, bihotza eta odola kentzen dizkiozunean; hori zen gaur egun proiektua edukia ematen ziona».
Batzar Nagusietan atzo egindako osoko bilkuran, Bilduren eta EAJren aurka egin zuen Duranek, Eusko Jaurlaritzaren proposamena ez onartzeagatik Tabakaleraren administrazio kontseiluan. PSEk gidatutako erakundeak proiektu hori eta Donostia 2016 bateratzeko ideia jarri zuen mahai gainean. Duranek zioenez, «Jaurlaritza izan da kultur edukia duen proposamena egiteko gai izan den bakarra».
Horren harira, Duranek gogor kritikatu zuen aldundia. Bederatzi hilabeteren bueltan, «edukia emango duen proposamenen bat egiteko gai ez dira izan». Ekimen falta ere leporatu zion galderen bidez, «Espainiako gobernu eta Kultura Ministerioaren aurrean zer ekimen egin ditu ekarpenak eskuratzeko».

