
ADSIS, Emaus, Alboan, Setem, Gipuzkoako Caritas eta Bidezko Merkataritzaren Koordinadorak antolatuta, Bidezko Merkataritzaren Eguna ospatuko dute, bihar. Salerosketa mota honen filosofiak Iparraldeko eta Hegoaldeko herrialdeen arteko harreman orekatuagoak sustatu, eta kontsumo arduratsuaren alde egiten du.
Bulebarrean gauzatuko dute prestatutako egitaraua. Hasteko, trikitilarien emanaldia izango da, 11:00etan. Ordubete geroago, Katalina Erauso Arte Klubeko kideen laguntzarekin, margolaritza tailerra egingo dute. Amaitzean, Kontukantoi clownak ikuskizuna eskainiko du. Arratsaldean, berriz, tailerrak izango dira nagusi. Jolas kooperatiboetan jolastu nahiz xaflak egiten ikasiko dute partaideek, 17:00etan hasita. Jaiari amaiera emateko, Taupada Batukada izango da, 18:00etan.