Elektrikoak eta errazak
Aieteko hotelera iritsi eta sarrera ondoan dauden bi motoek arreta ematen dute. Atea zeharkatu eta lau bizikletentzako gunea ikusiko du bezeroak. Harrera-lekuan, berriz, ibilgailu horiek guztiak alokagai daudela jakingo du bisitariak. Izagirrek zehaztu duenez, «motoak elektrikoak dira, scooter motakoak; bizikletetako bik, berriz, laguntza-motor elektrikoa daukate». Ibilgailu elektrikoen bateria kargatzeko argindar zutoina eta bizikletak batera iritsi ziren. «Iaz ekarri genituen, udara baino lehen». Hotela enpresa familia da, eta, hain zuzen ere, Izagirreren aita motozalea izateak bultzatu zituen ekimena abian jartzera. «Bestalde, gauden tokian egonik, gure bezeroentzat oso baliagarriak dira motoak».
Ibilgailuen alokairua, eta bereziki motoena, ordea, ez da bertan ostatua hartzen dutenenei soilik zuzenduriko zerbitzua. Egun erdiagatik 30 euro eta egun osoagatik 40 euro, BEZaz gain, ordaindu nahi duen orok izango du scooter horiek alokatzeko aukera. «Beti ere gida baimena erakusten; baldin badu, noski». Izan ere, elektrikoak izan arren, 125 cc-ko motoen parekoak dira, eta horiek gidatzeko betebehar berberak dituzte.
Aieteko hotela moto hauek izaten lehenetarikoa izan zen; Hernanin egiten den LEMev Stream izeneko scooterra bertan aurkeztu baitzuten. Otsailaren 7an merkaturatzen hasi zirenetik; hau da, hiru hilabeteotan, bi ale izan dira alokagai ostatuan.
Nahiz eta bezero batzuk udararen zain dauden, hotelean ostatu hartutako hainbat pertsonek eta auzotarrek dagoeneko probatu dituzte motoak. Pozik gelditu direla dio Izagirrek. «Egia esan erabili dituztenek oso gustuko dituzte, oso erraz gidatzen direlako». Hori ez da ibilgailu hauen abantaila bakarra. «Batere zaratarik ez dute ateratzen, oso isilak dira».
Gustura gelditzeko arrazoi horiek hainbat bezero alokatzea errepikatzera eraman dituzte. Hotelaren zuzendariak astero erabiltzen dituztenak ere badaudela dio. «Guk enpresa bezeroak ditugu, gertuko industrialdeetara doaz lanera, eta bide horretarako oso egokiak dira motoak».


