Jose Luis Rebordinos, ezkerrean, alboan 60. Zinemaldiko kartel ofiziala duela (Argazkia: Estitxu Zabala)
Miramongo Eureka! zientzia museoa izan da Donostiako 2012ko Zinemaldiaren aurkezpenaren lekuko. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria izan da ekitaldiaren aurkezlea; “60 urte ditugu, baina zinemaldi gaztea izan nahi dugu”, adierazi du Rebordinosek. Aurkezpen ekitaldian, kartel ofizial guztien berri eman dute. Zinemaldiko kartel nagusia,
60 Cine(tico) izenekoa da, eta Angel Caño donostiarrak egin du. Caño diseinatzailea da, eta Eurosintesis estudioko zuzendari lana betetzen du. “Kartelaren pisu guztia 60 urteek izatea nahi genuen, hori baita sinboloa. Zinearekin lotzeko, mugimendu itxura eman diogu, eta hizki gorriekin, glamourra adierazi nahi izan dugu, zine izarrak igarotzen diren alfonbrak duen kolorea”, adierazi du Cañok. Gainontzeko kartelak honako kideek egin dituzte: Pedro Rodriguez (Zuzendari Berriak), Iñigo Beldarrain (Zabaltegi) eta Toni Ponti (Horizontes Latinos).
Zinemaldiak bat egin nahi izan du Donostiak atzo bertan ofizialki jaso zuen Europako 2016ko Kultur Hiriburutzarekin. Hala, aurkezpenaren ostean ohiko koktela egin beharrean, hautagaitzako arduradunek kaian antolatutako ospakizunarekin bat egiteko deia egin dute.