Miles Smiles taldeak Miles Davisen omenezko emanaldia egingo du Jazzaldian
Miles Smiles taldeak Spectrum Road-en ordez joko du Trinitate Plazan, uztailaren 23an
Robben Ford (gitarra), Kenny Garrett (saxoa), Wallace Roney (tronpeta), Joey DeFrancesco (Hammond organoa), Darryl Jones (baxua) eta Omar Hakim (bateria) dira Miles Smiles. Guztiak Miles Davis omentzeko elkartu dira. Proiektu honetako kide batzuek, gainera, Miles Davisek Donostiako Jazzaldian eskainitako kontzertu batzuetan izan ziren: Jones (1984), Ford (1986) eta Garrett (1990). Jazzaldiak iragarri berri duenaren arabera, Miles Smiles taldea uztailaren 23an izango da Trinitate plazan. Spectrum taldearen ordez joko du. Izan ere, Spectrum taldeak biraren azken zatia bertan behera utzi du.
Wallace Roneyk Miles Davisen eskutik ikasi zuen tronpeta jotzen 1985 eta 1991 artean (azken urte horretantxe hil zen Davis). Darryl Jonesek 80ko hamarkadaren erdian jo zuen Milesekin; Decoy eta You’re Under Arrest diskoetan hartu zuen parte, eta haren ondotik, Rolling Stonesekin jo du haien grabazio eta kontzertuetan. Omar Hakim-ek ere Milesekin ikasi zuen. Weather Report-eko kide izan zen eta ondoren Stingen bakarkako ibilbideko The Dream of the Blue Turtles diskoan esku hartu zuen, arrakasta handia lortuz. Kenny Garrett Grammy saridunak Miles lagundu zuen maisuaren azken bost urteetan. Robbenn Ford blues gitarrista Milesekin izan zen 1986an eta haren Montreux-eko kontzertu gogoangarrienetako batean parte hartu zuen. Joey DeFrancesco, organo hirukote bikaina osatzeko ezinbesteko pieza, 17 urterekin fitxatu zuen Milesek eta Amandlaren grabaketan hartu zuen.
Emanaldiaren lehen zatia 20:00etan hasiko da, Neneh Cherry & The Thing-ek Don Cherryri handiari eskainiko dioten omenaldiarekin. Trinitate Plazako kontzertu honetarako dagoeneko sarrerak erosiak dituztenek inolako aldaketarik egin gabe sartu ahal izango dira bertara. Itzuli nahi dituztenek maiatzaren 10etik aurrera egin ahal izango dute jaialdiko bulegoarekin harremanetan jarrita (telefonoa: 943 48 19 00; posta elektronikoa: infojazz@donostia.org).
Bestalde, azken boladan hautsak harrotu dituen Youn Sun Nah jazz kantari hegokorearra Frigo Gunean (Kursaaleko terrazak) doako kontzertua emango du, uztailaren 23an, 19:00etan.