Harreman berriak loratu ditu Olatu Talka jaialdiak
Donostia 2016ko proiektua lurraldera zabaltzeko helburua bete dela adierazi du Eva Salaberriak
Olatu Talkak sortutako herritar energia uholdea baretu da. Hiru eguneko «superprodrukzioaren» ostean, lasaitasuna iritsi da eta Donostia 2016ko langileentzat biharamun atsegina izan dela onartu du Eva Salaberria Donostia 2016 bulegoko koordinatzaile-kudeatzaileak.
Aurtengo jaialdiak Donostiako mugak gainditu eta lurraldera zabaltzeko asmoa zuen, eta helburua bete dela nabarmendu du Salaberriak. Lurraldera zabaltzeak, era berean, partaideen artean harreman berriak eta lan ildo berriak jorratzera bultzatu du.
Elkarlan horrek, bada, datorren urteko Olatu Talka jaialdirako ideia eta ekimen berriak sortzen lagunduko duela erantsi du 2016 bulegoko koordinatzaile-kudeatzaileak. Horrekin batera, aurrera begirako proiektuak planifikatzerako garaian, herritar eta talde desberdinen arteko elkarlana sustatzen lagundu duela zehaztu du.
Aurtengo programan balioak ezartzeak, gainera, Donostia 2016 proiektuak zertan datzan hobeto ulertzeko bidea zabaldu duela azaldu du. «Balio horiek, gizartean, gure egunerokotasunean, daudela ohartzeko balio izan du», adierazi du.
Eva Salaberriak, beste hainbat herritarrek bezala, asteburuan antolatutako hainbat jardueraz gozatzeko aukera izan du eta guztien artean bi nabarmendu ditu. Larunbatean, Getariako Balentziaga museoan egindako ikuskizuna eta igandean Urumeako ibarrean sortutako giroa. Herritar asko ibai inguruko altxorrez jabetu dela nabarmendu du.


