Pal Martensson: "Hondakinak zerora iristeko bide bakarra atez atekoa da"
Zero Waste Europe bilkuran izan da Suediako Kretsloppskontoret berrerabilpen zentroko koordinatzailea.

Ainhoa Iraola foru diputatua, Pat Martesson aditua eta Nora Galparsoro udal zinegotzia, atzoko agerraldian. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Hondakinen kudeaketa XXI. mendeko arazo larrienetakoa da, eta azken aldian pil-pilean dago gaia Donostian zein Gipuzkoa osoan. Irtenbideak anitzak dira, baina zero zabor politikak abian dituzten Europako eta AEBtako adibideak izan dira asteburu honetako mintzagaiak. Izan ere, Zero Waste Europe sareak Donostia aukeratu baitu bere urteroko biltzarra egiteko. Atzo, berriz, bertan aztertutakoaren balorazioa egin zuten Donostiako Udaleko Azpiegitura eta Hiri-Zerbitzuetako zinegotzi Nora Galparsorok, Foru Aldundiko Ingurumen zuzendari Ainhoa Iraolak eta Suediako Kretsloppskontoret berrerabilpen zentruko koordinatzaile Pal Martenssonek.
Galparsorok adierazi zuenez, bilkura “oso aberasgarria” izan da, eta udalak kontuan hartuko ditu asteburuan entzundakoak hiriko hondakinen kudeaketa eredua zehazteko. “Hemendik aurrera gure lana izango da ideia eta adibide guztiak hartu, eta hirira nola ekarri ikustea”. Bilkuran “egingarriak diren eta funtzionatzen duten” hainbat ideia eta proposamen gertutik ezagutzeko aukera izan du zinegotziak, prebentzioari, berrerabilpenari, birziklapenari nahi errefuxaren tratamenduari lotuta. Politika hauek iraunkorrak izateaz gain, bestelako onurak ere badakartzatela zehaztu zuen Bilduko kideak. “Zero zabor politikak aplikatzen diren tokietan, ingurumena eta osasuna hobetzeaz gain, tokiko ekonomia ere indartu egiten da, lanpostuak kosturik gabe hazten dira eta herritarrek hondakinen kudeaketan gehiago parte hartzen dute”. Horregatik, Donostian norabide horretan pausoak emateko konpromisoa berretsi zuen.
Hondakinen garrantziaz ohartu
Zero zabor politikak indarrean jartzean hiriaren tamaina oztopo izan daitekenik ezeztatuz, aztertutako adibideen artean Donostiaren boskoitza den San Frantzisko (AEB), Napoli (Italia) edota Goteborg (Suedia) zeudela nabarmendu zuten. “Horiek egiten dutena askoz errazagoa litzateke Donostian egitea, hiri txikiagoa delako. Prebentzioari, berrerabilpenari eta birziklatzeari dagokionez, gu baino aurreratuago daude”, gehitu zuen Galparsorok. Urrutira jo beharrik gabe, Usurbil nahiz Hernaniko ereduak ere baliagarri izan daitezke. Zero zabor sareko Martenssonek aitortu zuenez,”harrituta” dago egunotan ezagutu duen sistemaren emaitza onak ikusita.
Suediarraren iritziz, “hondakinak zerora iristeko bide bakarra atez atekoa da; beraz, bereiztea oso garrantzitsua da”. Horretarako, beharrezkoa da jendeak hondakinekiko interesa izatea. “Herritarrak hezi behar dituzu, hondakinen garrantzia ulertarazi behar diezu. Izan ere, hondakinak ez baitira zaborra, produktuak baizik. Zabor bilakatzen dira denak nahastean”. Hondakinen balioa berretsiz, Ainhoa Iraola foru diputatuak lehengaiak erretzen dituen gizartea “pobreagoa” dela ohartarazi zuen. Halaber, erraustegiek birziklatze tasa ez igotzea bermatzen dutela gogoratu zuen. Kontrakoa lortzen da, ordea, errefuxa murrizteko bideetan inbertituz, “birziklatze emaitza ikusgarriagoak lortzen baitira”. Hondakinen birziklatze tasak %90era heltzeko bidea argi du foru diputatuak “puntako teknologia baino erabilgarriago dira gure hamar hatzak”.
Foru Aldundiak Gipuzkoako alderdi guztietako hautetsiak kongresura gonbidatu arren, “errauskailuaren aldekoek” parte hartu ez izana gaitzetsi zuen Iraolak. Halaber, zero zabor politikak gauzatu nahi dituzten hiriak lagunduko dituela berretsi zuen.

