Urtebeteren ondoren suminduek lanean jarraitzen dute
“Ez gara M15 mugimenduko kideak, suminduak gara”. Bulebarrean suminduen asanbladan parte hartzera hurbildu den pertsona baten hitzak dira. Urtebete pasa da “benetako demokrazia” aldarrikatzen zutenek Madrilgo Sol plaza okupatu zutenetik. Egun gutxitara, Donostian ere jendea kalera atera zen, eta Bulebar inguruan bildu zen. Joan den larunbatean itzuli ziren, eta gaur arratsaldean ere berriz elkartu dira.
Jada kanpamendurik eta manifestaziorik egiten ez duten arren, suminduek lanean jarraitzen dutela adierazi dute. “M15 Mugimendua non egon den galdetzen digute. Eta guk gure aldarrikapenen alde egunero borrokan jarraitu dugula esaten dugu”.
Duela urtebete piztutako mugimendu hartatik Donostian Stop Desahucios, Mundua Elkarlanean eta Ekonomia taldea sortu zirela azaldu dute, eta mobilizazioekin aurrera jarraitzen dutela.
Suminduen mugimenduak sarean lan egiten jarraitzen duela esan dute: “ohiko egitura sozial eta politikoekin ez dugu zerikusirik. Elkartu egiten gara, eta berriz banandu gaitezke, askatasun osoz; alderdi politikoek, aldiz, interesagatik bakarrik aurrera egiten dute”.
Suminduen mugimenduak bizirik dagoela diote eta jendeak hainbat ekimenetan parte hartzen jarraitzen duela.