Espainiako Kultura Ministerioak Donostia 2016 proiektuan parte hartuko du

Ekaina bukaeran fundazio bilakatuko da 2016 bulegoa eta 72 milioi euroko aurrekontua izango du

Hiru kidez osatutako Donostia 2016ko erakunde arteko batzordeari beste lagun bat batuko zaio, Espainiako Kultura Ministerioak proiektuan parte hartuko duela baieztatu duelako. Ekaina bukaeratik aurrera eratuko den fundazioan, beraz, Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura sailak hartuko dute parte.

Espainiako Gobernuak ez du zenbateko inbertsioa egingo duen zehaztu, «egungo egoeran zenbatekoa izango den zehazterik ez» dagoelako, jakinarazi dute Ministerioko ordezkariek. Hala ere, Espainiako Gobernuak kudeatzen duen kultur azpiegitura sarea Donostia 2016rentzat erabilgarri egongo dela baieztatu dute. Era horretan, ez dute Europako hainbat herrialdetan hedatuta dauden Cervantes Institutuko egoitzak hiriko kultur proiektuaren esku uzteko inolako trabarik jarriko. Kultura Idazkaritzak dituen bestelako ekipamendu eta baliabide kulturalak probesteko aukera izango luketela erantsi dute, halaber.

Eva Salaberriak Espainiako Kultura Ministerioak emandako pausoa txalotu du. Ekarpen ekonomikoa ez ezik, arlo kulturalean ere babes handia eskain dezakeela uste duelako.

Krisi egoeran, gainera, Espainiako Gobernuaren diru iturria eskertzekoa izango da, gainontzeko alderdietan bezala, Donostia 2016ko proiektuak orain artekoa baino inbertsio txikiagoa izango duelako. Aurrekontuak 17 milioi eurotan egingo du behera. 89 milioi euroko inbertsioa 72 milioi eurotan geratuko da.

Bi mila parte hartzaile baino gehiago, Olatu Talka jaialdian 

Hiru eguneko Olatu Talka jaialdiaren «balorazio oso positiboa» egin dute Donostia 2016 bulegoko arduradunek. Denera, bi mila lagunek baino gehiagok parte hartu dute prestatu dituzten ekimenetan.

Datorren urteko Olatu Talkan kultura amateurraz gain, profesionalek garrantzi handiagoa izango dute. «Olatu Talkaren garapenean kontuan hartuko ditugu profesionalak», adierazi du Igor Otxoak, Donostia 2016ren proiektu zuzendariak.

HITZAkide HITZAkide