Monpaseko pasabidea dela eta, PP eta EAJ «zuritik beltzera» igaro direla salatu du Eguzkik
Alde ala kontra «hauteskunde estrategien arabera» egin dutela dio
Monpaseko pasabidearen egitasmoa «telesail amaiezina» da Eguzki talde ekologistarentzat eta oraindik ere saio gehiagotarako pasarteak eskaintzen jarraitzen duela zehaztu du Eguzki taldeko Juan Mari Beldarrainek.
PPko udal taldeak azken hilabeteetan izandako jarrera aldaketa deskribatu du Eguzkiko kideak. PPko zinegotziek Elorzak mahai gainean jarri zuen egitasmoaren alternatiba aurkeztu zieten 2011ko abenduaren 9an udaleko Ingurumen Aholkularitza Batzordeko kideei. Ramon Gomez PPko udal bozeramaileak, baina, Uliako labarretan pasabidea egiteko aukerari ezin zaiola ihes egiten utzi plazaratu zuen aurreko astelehenean eta, egitasmoak udalbatzaren gehiengoaren (PSE-EE, EAJ eta PP) oniritzia duenez, Bilduk gehiengoaren nahia errespetatu beharko lukeela adierazi zuen bozeramaileak.
PPren ildotik, EAJ ere Sagueseko pasealekua luzatzeko asmoen aurrean «zuritik beltzera» pasa dela salatu du Beldarrainek. Monpaseko proiektuaren alde ala kontra egin «hauteskunde estrategien arabera» egin dutela uste du Eguzkik. PPren jarrera aldaketa, hain justu, gobernu aldaketari zor zaiola adierazi du. Espainiako Gobernuan PP egoteak eta udalean Bildu, popularren jokabidea baldintzatu duela erantsi du Monpaseko pasabidearen gorabeherak gertutik jarraitu dituen Juan Mari Beldarrainek.
Eguzki PPk abenduan egindako proposamena babesteko prest egongo litzatekeela adierazi du Juan Mari Beldarrainek. Abenduaren 9an igorritako eskutitzaren arabera, «aukera ekologikoagoa eta garbiagoa» proposatzen zuten. Azken batean, egun labarretatik doan bidea txukuntzea iradokitzen zuten, Uliako bide nagusiarekin bat egin arte. Bidea txukuntzea pasabidea egitea baino merkeagoa izango zenez, gastatu gabeko dirua Urumea garbitzeko balia zitekeela aipatu zuten, besteak beste.
EAJk aurreko agintaldian zuen jarrera eta jokabidea egungoaren bestelakoa dela nabarmendu du Beldarrainek. Xabier Ezeizabarrena orduko bozeramaile jeltzaltzearen eta Odon Elorza alkate ohiaren arteko ika-mikak «ohikoak» zirela adierazi du talde ekologistako kideak. Jeltzaleek egungo bideak txukuntzearen alde egiten zutela gogora ekarri du.
«Irakurketa malguagoa»
Eusko Jaurlaritzaren ikuspegiak ere garai batekoarekin antzik ez duela erantsi du Eguzkikoak. Izan ere, Esther Larrañaga Ingurumen sailburua zenean Lurralde Zatikako Planak Ulian pasabidea egitea galerazten zuela zioen –gogora ekarri du Beldarrainek–. Egungo sailburuarekin, Pilar Unzalurekin, berriz, Lurralde Zatikako Planaren «irakurketa malguagoa» egiten dutela eta pasabidea egiteko hainbesteko eragozpenik ez dutela jartzen zehaztu du.
Erakunde eta udal taldeen artean bakarrik ez, proiektuan ere aldaketak egin direla gaineratu du. Beldarrainen esanetan, Elorzak pasabideak inguruko landare eta animaliei kalterik egingo ez ziela adierazteko pasabide «arina» izango zela zioen. Ingurumen Ministerioaren bedeinkapen guztiak zituela zehazten zuen. Ministerioak, orain, Elorzaren proposamena hobe zitekeela erakutsi duela dio Beldarrainek, pasabidearen oinarriak 85etik 38ra murriztu baititu.