Munduari bi bira eta erdi ematen diote astebururo Donostiako presoen senideek
Herrira mugimenduak deituta, presoen eskubideen aldeko aldarria kaleratuko dute larunbatean hiriko auzo guztietan
Larunbatean mobilizazio eguna deitu dute Goazen plazara leloarekin. Protestaren leloak dioen bezala, Euskal Herriko plazak bete nahi dituzte presoen eskubideak aldarrikatzeko, eta Donostian deialdiak egin dituzte auzo guztietan; hirian badagoelako zer salatu eta aldarrikatu.
Hainbat alkate, zinegotzi, parlamentari eta batzarkidek bat egin dute Herrirak larunbat honetarako plazak betetzeko egindako deialdiarekin: “Saihestezina eta premiazkoa den erronka batek bildu gaitu: euskal preso politikoen giza eskubideen berehalako errespetuaren eskaerak. Iraganean ikuspegi eta postura desberdinak izan ditugu presoen aferari buruz. Gaur egun, ordea, premiazkoa ikusten dugu kartzela politika denbora berriei egokitzea, iraganeko irizpideak alboratuz eta giza eskubideen errespetua abiapuntu berri gisa finkatuz”.
Gaur egun 77 donostiar daude preso. Sakabanaketa politikaren kontura, familia bakoitzak ia 1.300 kilometroko joan-etorria egiten du astero, batez beste, kartzelara joateko; hamahiru ordu inguru pasatzen dituzte errepidean. Guztira, 77 preso donostiarren senideek eta lagunek egiten dituzten kilometroak zenbatuta, munduari bi bira eta erdi ematen diote astebururo; 99.924 kilometro, orotara. Odoluste ekonomikoa ere nabarmena da; hilero 1.638 euroko gastu gehigarria du senideren bat preso duen etxe bakoitzak.
Sakabanaketari buruzko xehetasun gehiago biharko Itzurun gehigarrian argitaratuko ditu IRUTXULOKO HITZAk, baita Donostiako presoen zerrenda osoa ere.