Oreka Tx eta Euskadiko Orkestra Kursaalen fusionatuko dira
Oreka Tx txalapartari bikoteak eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoak fusio berezia eskainiko dute Kursaalen. Izan ere, Ivan Fedele italiarrak konposatutako Txalaparta obra interpretatuko dute elkarrekin. Bihar eta etzi kontzertu bana eskainiko dute Donostian, eta ondoren, Gasteizera, Bilbora eta Iruñera joango dira. Orkestra, Andrey Boreyko zuzendari gonbidatuaren gidaritzapean ariko da; aldi berean, Harkaitz Martinez de San Vicente añorgatarra eta Mikel Ugarte lezotarra, hau da, Oreka Tx-eko kideak, izango dira orkestrarekin musika eskaintzen.
Martinez de San Vicentek prentsaren aurrean esan duenez, “erronka handia” izan da txalapartarientzat halako lan batean parte hartzea. Lan zaila izan den arren, orkestrarekin aritzea “ohorea” dela ere onartu du. Azken batean, Fedelek sortutako musikarekin, txalapartak egiten duen moduan aritu behar izan dutela esan du txalapartariak, hau da, Fedele berarekin musika txunkunduz eta nahastuz, azken akordiora iritsi arte.