Udan hasiko dira Altzako geltoki berria egiteko lanak
Herrera eta Altza lotuko dituen trenbidea egiteko lanak 2015erako bukatu nahi dituzte
Altza eta Herrera lotuko dituen trenbidea egiteko lanak 2015erako amaitu nahi dituztela esan du gaur Iñaki Arriola Garraio sailburuak. 31 hilabeteko lanen ostean, 2015eko udaberrian Altzara iritsiko dela espero dute. 34’5 milioi euroko aurrekontua dute. Lotura honi esker Euskotrenek milioi eta erdi bidaiari gehiago izango ditu. “Altzarekin genuen zor historikoari erantzuna emango diogu”, esan du Arriolak. Eusko Jaurlaritzak oso osorik finantzatuko ditu lanak.
Herrera-Altza zatiak kilometro pasatxoko luzera izango du, eta lurpetik joango da ibilbidearen %90. Geltokia Felix Iranzo pasealekuan egongo da geltoki berria, lurrazpian. Bi sarrera izango ditu: Bata, Larratxo pasealekutik, eta bestea, Arriberritik. Horrela 2015ean zazpi minutu eta erdiro trenak egongo dira Altza eta Easo plazaren artean. Udan hasiko dira lanak.