Haurtxoko eta gaztelekuak ekainaren 30etik irailaren 11ra itxiko dituzte

Gazteria saileko aurrekontua 150.000 euro murriztu dutela arrazoitu du Naiara Sampedro zinegotziak 

Gazteria Sailak ere krisiaren ondorioak pairatu ditu. Naiara Sampedro saileko zinegotziak azaldu duenez, 150.000 euro murriztu dute aurrekontua. Hori dela eta, haurtxoko eta gaztelekuak udan ixtea erabaki dute. Orain arte abuztuan bakarrik ixten zituzten, aurten, ordea, ekainaren 30etik irailaren 11 arte egongo dira ireki gabe.

«Kalterik txikiena» eragin zezakeen neurria hartu dutela esan du Sampedrok. Izan ere, haurtxoko eta gaztelekuren bat behin betiko ixtea ala haur eta gazteak laguntzen egoten diren hezitzaile berezien zerbitzua bertan behera uztea beste aukeretako batzuk zirela aipatu du; horiek sortuko luketen kaltea, ordea, «askoz ere latzagoa» izango zela adierazi du zinegotziak.

Sampedrok, gainera, udan zer egin pentsatzen ari diren haur eta gazteei hirian beste hainbat aukera daudela gogorarazi die. Hala nola, Euskara Zerbitzuak antolatzen dituen udalekuetan mila umek parte hartzeko aukera dute, kirol patronatuaren ikastaroetan 35.000 plaza daude eskura, Musika Eskolan, 350. Ingurumen sailak, diputazioak eta Musika Hamabostaldiak ere udalekuak eta gaztetxoentzat ekintzak antolatzen dituztela zehaztu du.

Haurtxoko eta gaztelekuek udan izaten duten erabilera eskasa izaten dela adierazi du, era berean. «Egunero, batez beste, 20 bat lagun hurbildu ziren iaz, hondartzatik atera ondoren, azkeneko orduan gehienak». Udalekuetara, berriz, 60 lagun.

Haurtxoko eta gaztelekuak udan ixteko erabakia hartu aurretik gazte batzordean proposatu eta gainontzeko udal taldeen onespena izan zuela nabarmendu du Naiara Sampedrok. Zinegotziei, halaber, diskrezioz jokatzeko eskatu ziela gogoratu du eta Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak eskaera hori ez duela errespetatu azaldu du.

PSE-EEko zinegotziaren hitzetan, udal gobernuak ez du murrizketen aurrean erantzukizuna hartu nahi izan. Erabiltzaile eta langileen artean kezka nagusi zela eta horregatik kontatu zuela dio Itxasok.

HITZAkide HITZAkide