Historia egiten jarraitu nahi du gaur Lagun Arok
Lagun Aro Gipuzkoa Basketek balentria egin du titulurako play-offetarako sailkapena lortzen, duela hiru hilabete klubaren ibilbidean lehen aldiz Koparako txartela eskuratu zuen bezala. Gehiago nahi du, baina. Hain zuzen ere, donostiarrek historia egiten jarraitu nahi dute eta, horretarako, gaur dute lehen aukera. Play-offetako final-laurdenak 20:30ean abiatuko dira Sito Alonsoren jokalarientzat, La Fontetan, Valentzia Basketen gotorlekuan.
Gipuzkoa Basketek ez du sekula bertan irabazi; ACB Ligan La Fontetan jokatutako bost partidak galdu ditu. Sailkatu nahi izanez gero, ordea, madarikazioa hautsi beharko du, bi partida irabazten dituen lehen taldeak eskuratuko baitu finalerdietarako txartela, eta donostiarrek igandeko norgehiagoka soilik jokatuko dute etxean (12:30ean, Illunben). Hirugarren partida beharrezkoa izanez gero, Valentzian jokatuko litzateke hurrengo astean.
Aurten bi partida jokatu dituzte Lagun Arok eta Valentziak elkarren aurka, eta donostiarrek biak galdu dituzte: 80-86, Illunben; eta 69-60, La Fontetan. Estatistikak hausteko parada egokia izango du gaur Donostiako taldeak. IRUTXULOKO HITZAk partidaren zuzeneko kontakizuna egingo du, 20:30etik aurrera.



