Montanier: "Nire pentsamendua aurtengo lanarekin jarraitzea da"
Frantziarra urtebete gehiago izango da Realeko entrenatzaile; helburua maila hobetzea dela esan du
Goizeko entrenamendu saioa amaitu eta berehala, Philippe Montanierrek prentsaurrekoa eman zuen Zubietan, atzo goizean. Entrenatzaile frantziarra beste urtebetez ariko da talde txuri-urdina zuzentzen, eta horretaz hitz egin zuen. Montanierrek esandakoaren arabera, bere helburua aurten hasitako lanari jarraipena ematea izango da. «Nire pentsamendua aurtengo lanarekin jarraitzea da. Une zailak egon dira, baina konfiantza izan dut taldearengan», adierazi zuen. Gainera, «Realean bi urtez gelditzeko lan egin dut», berretsi zuen.
Entrenatzaileak esandakoaren arabera, taldea fitxaketekin indartuko dute, baina garrantzitsuena egindako lanarekin jarraitzea izango dela argi utzi zuen. «Helburua jokalari garrantzitsu guztiak mantentzea da, ez dugu saltzeko inongo asmorik». Mikel Aranburu erdilari handiak utzitako hutsuneari buruz ere aritu zen. «Pardo, Elustondo eta Markelekin Mikelen hutsunea beteko dugu».
Bukatu berri den denboraldian, taldea fisikoki beste talde asko baino hobeto ikusi duela esan zuen. Hala ere, arlo guztietan zer hobetu badagoela onartu zuen.
«Momentuz bakarkako zein taldeko lana hobetu nahi ditugu. Helburua maila hobetzea eta sailkapenean postu hobea lortzea izango da».

