Espaloi gainetik dabilen txirrindulariari 50 euroko isuna jarriko diote
Araudia betetzen ez dutenak zigortzen hasiko dira hilaren 28tik aurrera; 200 eurokoa da isunik larriena
Txirrindularientzako oharra: hilaren 28tik aurrera zirkulazio araudia errespetatzen ez dutenei isuna jarriko diete. Honenbestez, espaloitik dabiltzan txirrindulariek nahiz argirik eta txirrinik ez duten bizikletek 50 euroko zigorra ordaintzeko arriskua izango dute. Bizikleta gainean entzungailu edo aurikularrekin doazenek, berriz, zigor larriagoa izango dute: 200 euro. Sakeleko telefonotik hizketan doazenek ere kopuru berari egingo diote aurre. Isuna berehala ordaintzen dutenek, dena den, gutxiago ordainduko dute. 50 euro beharrean, 22 euro eta 200 euroren ordez, 97.
Jon Albizu Mugikortasun zinegotziak argitu duenez, ez dute txirrindulariak «kriminalizatzeko» asmorik, oinezko guneetan segurtasuna bermatzeko helburua baizik. Azken batean, oinezko eta txirrindularien arteko elkarbizitza hobetu eta batzuk zein besteak hirian erosoago ibiltzea nahi dute. Zirkulazio araudiak, gainera, argi dio bizikletek nahiz patinete elektrikoek ezin dutela espaloitik joan. Era berean, oinezkoak zein bizikletak ibil daitezkeen oinezko guneetan «oinezkoak du lehentasuna». Hortaz, eremu horietan oinezkorik badabil txirrindulariek abiadura moteldu beharko dute, «igarotze adeitsu eta lasaia bermatzeko».
Horrekin batera, tunel edo ilun dagoen eremuetan txirrinik eta argirik gabe joatea isuna jartzeko arrazoi izan daiteke. Baita entzungailuekin eta sakelekotik hitz egiten joatea ere.
Isunak jarri aurretik, baina, Mugikortasun Sailak kontzientziazio kanpaina bat jarri duela abian azaldu du Albizuk. Azken hilabeteetan udaltzainak eta mugikortasun agenteak oker zebiltzan txirrindulariei izan beharreko jokabide zuzenaz ohartarazten aritu direla zehaztu du. Iskanbila eta arazo gehien sortzen diren eremuetan aritu dira udaltzain eta mugikortasun agenteak araudiaren berri ematen: Askatasunaren hiribidean, Mirakruz kalean, Ategorrieta gainan, Zumalakarregi hiribidean, Herreran, Bulebarrean eta Egiako pasabidean.
Mandasko Dukearen pasealekua eta Maria Cristina zubia lotzen dituen eremu horretan, esaterako, oraindik ere pasabidea igarotzeko bizikletatik jaitsi behar dela ohartu ez den txirrindulari asko dagoela egiazta daiteke. Ez baita zaila pasabidea igarotzen den bakoitzean bizikletaren bat ondotik pasatzea.
Pasabide horretan nahiz hiriko bidegorri sarea osatzen duten 56 kilometrotatik zehar ikus daitezke txirrindulariak uneoro, egunetik egunera, eta udan batik bat, bizikletaren erabilera handitzen ari baita. Egunean, batez beste, bizikletaz 16.000 bidaia egiten direla aditzera eman du Mugikortasun zinegotziak.
Nafarroa hiribidea
Espaloitik joateko tentazioak ahalik eta txikienak izan daitezen, Ategorrieta eta Zurriola hiribidea lotzeko bidegorria egitea da udal gobernuaren lehentasuna. Mahai gainean dauden bidegorri proiektuak gehiago dira, krisiak baldintzatutako aurrekontuak, ordea, lehentasunak ezartzera behartu du Mugikortasun Saila.
Jon Albizuk, era berean, EuskoTreneko trenbide zaharraren lekuan bidegorria egiteko diputazioak duen proiektua aurrera doala esan du.