Koldo Mitxelena Saria lehiaketara 1.712 lan aurkeztu dituzte

Sari banaketa igandean izango da, 12:00etan, Viktoria Eugenia antzokian

Donostiako Eskolarteko Literatur Lehiaketak edota ezagunagoa den Koldo Mitxelena Saria lehiaketak 23. urtea bete du eta sasoi betean jarraitzen duela nabarmendu du Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara ordezkariak. «Ereindako haziak fruitua eman du», dio. Aurten, 1.712 fruitu bildu ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta horietatik 18 izango dira «zuhaitz sendo» bilakatu direnak. Igandea izango da 18 saridunak nortzuk izan diren ezagutzeko eguna. Ekitaldia 12:00etan izango da Viktoria Eugenian.

Saritutako lanez gozatu ahal izateko, Irutxuloko Hitzak prestatutako 32 orriko argitalpena banatuko dute hiriko eskola eta ikastetxe guztietan.

26 ikastetxeetako 1.627 ikasleren sormenak eman du aurten horren uzta oparoa. Azken urteetako gorakadaren ondoren, azken bi urteetan euskarazko literaturaturara hurbiltzeko gogoa duten haur eta gazteen kopurua mantendu dela nabarmendu du Kultura eta Euskara ordezkariak. 90. hamarkadan 700 inguru ziren aurkeztutako lanak. 2009an, ordea, goia jo eta bi mila aurkeztu zituzten.

Aurten aurkeztutako lanen artean, komikiak eta bertsoak gailendu dira. 649 komiki eta 627 bertso egin dituzte. Parte hartzaileen artean, bestalde, 10-12 urte bitarteko gaztetxoen artean du lehiaketak erantzunik zabalena.

HITZAkide HITZAkide