Donostiako droga-saltzaile bat da Yoseba Peñaren 'Hodeien adorea' eleberriko kontalaria
Susak argitaratu du idazlearen lehen nobela
Yoseba Peñak (Sodupe, 1977) bere lehen literatur lana plazaratu du: Hodeien adorea nobela. Kontalari nagusia trapitxero bat da, eta hiru anaiaren bizitzak azaltzen dizkio irakurleari. Txefe, kotxe mekanikaria; Jon, unibertsitate-ikaslea; eta Hodei, autista. Familia arras apalekoak dira Preciado anaiak, Donostiako periferiako estolderian haziak, bizitzan zori txarretik gehiago izango dutenak ditxa gozotik baino. Postal turistikotik urruti dagoen Donostia erakutsiko du liburuak. Plaza zokoan hil duten droga-saltzailea da kontalaria. Trapitxeroak, horrenbestez, heriotzatik begiratzen die iragan hurbileko gertakariei.
Yoseba Peña Sodupen jaio, eta Zarautzen bizi den idazle gaztea da. Ikerketa-lanean ari da, informatikaren inguruan, Deustuko Unibertsitateak Donostian daukan egoitzan. Julene Azpeitia ipuin-saria irabazitakoa da eta Idazle Eskolatik pasatakoa.