Luis Brochetonen margolan bat jaso du San Telmok
Museoaren lagunen elkarteak egin dio oparia, Museoen Nazioarteko Eguna dela eta
Gaurko egitaraua
Museoen Nazioarteko Eguna da gaur. Hori dela eta, San Telmo Museoaren Lagunek obra bat oparitu diote museoari. Zehazki, Luis Brocheton Muguruza (Donostia, 1826-1863) margolariaren Retrato de señora con su hijolana jaso du San Telmok.
San Telmo Museoaren Lagunen Elkartea 1992an sortu zen, museoa handitzen laguntzeko asmoz. Besteak beste, urtero, nazioarteko egun honekin bat eginez, koadro bat oparitzen diote San Telmori. Aurtengoak badu esanahi berezia, Gipuzkoako lehen margolari garrantzitsuak margotutakoa baita. Montserrat Fornells, lagunen elkarteko presidentea da, eta bere hitzetan, museoa aberasteko egin diote oparia. «Oso koadro garrantzitsua delako erosi dugu», aipatu zuen Fornellsek.
Sarrera doan
Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du San Telmo Museoak. Beraz, gaur doako sarrera izango da, 10:00etatik 22:00etara. Museoaren zabalkuntza ikusteko bisita gidatuak ere egingo dituzte, 11:00etan eta 17:00etan euskaraz, eta 12:00etan eta 18:00etan gazteleraz. Gainera, Musikeneko, kontserbatorioko eta udal musika eskolako ikasleek kontzertu txikiak eskainiko dituzte.
- 17:00. Kantua (Musikene).
- 18:00. Metal taldea (Kontser.).
- 18:15. Dantza klasikoa (M. E.).
- 18:35. Ganbera musika (M.E.).
- 19:15. Abesbatza (M.E).
- 20:00. Akordeoia (Musikene).
- 20:45. Pianoa (Musikene).