Musikazaletasunak urrutitik ekarrita
Libanoko ‘Etnophonia’ telebista saioko talde bat Donostian izan da asteburuan. Kantu Jiran eta Bagerak antolatutako erromerian parte hartu eta txistulariak, bertsolariak nahiz euskal dantzak grabatzeko aukera izan dute.
Eguraldi txarrarri aurre egin zioten larunbatean dantzan zaleek. Konstituzio plazako arkupeetan babestu, eta berdin-berdin parte hartu zuten Bagerak antolatutako erromerian. Urtean halako lau izaten dira, eta ez zuten amore eman nahi. Batetik, dantza egiteko gogoa zuten, baina bestetik, urrutitk etorritako gonbidatuei ez zieten hutsik egin nahi. Izan ere, Libanoko Al Mayhedan telebista saio grabatzera bertaratu baitzen.
Musika eta dantza etnikoen inguruko Etnophonia saioko lan taldea irudiak hartzen aritu zen. Gonbidatu bereziek, bertako folklorea zabalago ezagutzeko, Eskola dantza taldeko neska-mutilek eta Unai Gaztelumendi nahiz Asier Azpiroz bertsolariek ere jardun zuten erromerian. Nahiz eta lekua mugatua izan, Aitziber Aiesta eta Fernando Ruiz dantza maisuen argibideak jarraitu zituztenak ez ziren gutxi izan. Udaleko Txistulari Bandaren doinuekin oinak astintzera ausartu zen, esaterako, Abir Nehme aurkezle libanoarra. Nehme musika etnikoaren zalea da, eta tokian tokiko jendearekin abestea eta dantzatzea gustuko du. Euriak aukera eman zuenean plazan dantzatu zituzten bi piezetako batean Ruizen eskutik aritu zen Nehme. Jarraian, ohitura duenez, oholtza gainera igo eta abestu egin zuen. Aragoin Jose Antonio Labordetaren kanta bat abestu zuen; Galizian, berriz, Rianxeira. Hirian, ordea, ez zuen euskal kanta bat abestu, jaioterriko bat nahiago izan zuen. Arkupean batutako jendeak arretaz entzun zuen, inork gutxik ulertu zuen arren. Fandangoa –oraingoan arkupean– dantzatu ondoren; ekipoa jaso, eta dantzan utzi zituzten erromeriako partaideak, Azpiroz elkarrizketatzeko.
Egunaren azkena izan zen hori. Hasi, berriz, kantuan hasi zuten. Hilabeteko hirugarren larunbata izanik, Parte Zaharreko kaleetan barrena ibili ziren Donostiako Kantu Jirarekin batera. Ekimenaren ondoren, Hamaika bat elkarte gastronomikoan bazkaltzeko eta indarberritzeko parada izan zuten.
Zerbait bukolikoaren bila
Ohitura, tradizioak, gastronomia… Kulturaren eta antropologiaren arteko bidaia da saioa. Gune bakoitzean jasotakoekin, 26 minutuko atal bana osatuko dute, eta libanoarrek irailean ikusteko aukera izango dute.
Armenia eta Turkian ibili ondoren, eta Iranera bidaiatu aurretik, Libanoko telebista saioa orain hamar egun iritsi zen Bilbora. Handik, ordea, Aragoira joan ziren zuzenean. Bertako jota taldeekin egon ondoren, Galiziara bidea hartu zuten. Han, Galiziako Escola Do Gaitasen bisitatu eta Ourenseko Maria Do Ceo fado eta galiziar musika abeslariarekin izan ziren. Egun batzuk geroago Donostiara heldu ziren.
Beiruteko Hedgehog ekoizpen etxearen telebista saioko langileei laguntzen aritu da egunotan Joseba Gorordo bilbotarra.Gaztea dokumentalgilea eta IN4 ekoizpen etxeko langilea da. Nahiz eta gustura aritu den produkzio kontuez arduratzen, hainbat oztopori aurre egin behar izan dio. Donostiako grabaketa prestatzeko Udaleko Txistularien Bandako kide Jose Ignazio Ansorenaren laguntza izan du. Hala ere, aldaketa ugari egin behar izan dituzte.
Hasieran, Donostian bi egunez grabatzeko asmoa zuten. Larunbatean aipatutako guztiak biltzeaz gain, igandean, Udaleko Txistulari Bandaren diana eta kontzertua ere grabatzekoak ziren. Aragoin emandako egunetan ohartu zen Gorordo hori ez zela Nehme eta taldekideen interesekoa izango. “Zerbait bukolikoa nahi dute, ez hain urbanoa”. Aurreikuspenek hirian egon beharreko denbora laburtu zuten, beraz. “Norbaitek ardi artean abestea, edo aizkorarekin aritu ondoren, aizkolari batek kantatzea nahi dute. Jantzi tradizionalak ikusiz nahi dituzte, eta euskaldunak ez gara horien oso zaleak. Hori ezin dut aldatu!”, aitortu du Gorordok.
Euskal Herriko musika gehiegi ezagutzen ez zutela uste du Gorordok –”txistulariek Aranjuezeko klasikoa jotzea nahi zuten”–, baina Nehme bertsolaritzak harritu zuela gogoratu du: “Erritmo eta doinu batekin inprobisatzea interesgarria iruditu zitzaion”. Horien berri izatera etorri baziren ere, ondo pasetzeko nahia ez zaie falta izan. “Parranda egiteko gogoz etorri ziren; baxoerdiak hartzen ibili eta kontzertuetara joateko asmoz”.