Bere burua defendatu zuela dio Lavanderaren hiltzaileak
Gaur auzipetuaren lagunek deklaratuko dute
Asier Lavandera intxaurrondotarren hilketa argitzeko epaiketa atzo hasi zen, Iruñeako justizia auzitegi nagusian. Akusatuen aulkian Sergio Fernando Ramos de Sousa, 23 urteko iruindarra eseri zen. 14 eta 25 urte bitarteko espetxe zigorrak eskatu zituzten bere kontra. De Sousak Lavandera hil izana aitortu du epaiketan.
2010eko urtarrilaren 16an hil zuten Asier Lavandera Lekunberriko Mao Mao dantzalekuan, labankadaz. Dantzalekua txi zutenean kanpora atera zela esan zuen De Sousak. Asier Lavanderak atzetik jo zuela esan du. Bat batean jendez inguratuta ikusi zuen bere burua, eta labana atera zuela kontatu zuen. Bere burua defendatzeko egin zuela esan zuen. Azaldu zuen atzera egiteko eskatu ziela, eta egiten ez zutela ikusita, labana atera zuela.
Ukatu egin zuen lehen labankada eman ondoren Lavanderaren atzetik joan zela. Ezarriko dioten zigorra guztiz onartuko duela esan du.
Lavanderaren aitak, Manuelek, esan du gizartearentzat hobe dela auzipetuak ahalik eta denbora gehien kartzelan pasatzea, damurik ere erakutsi ez duelako. “Ez dago egin zuenagatik ordainarazteko adina zigorrik, baina behintzat jar diezaiotela handiena. Hilketa lepora diezaiotela, eta ez homizidioa”.
Fiskalak 14 urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du homizidioa egin duelakoan. Akusazio partikularra hilketa egin duelakoan dago, atzetik jo eta errematatu zuelakoan. Defentsak, berriz, bi urteko eta erdiko espetxe zigorra eta zentro berezi batean sartzeko eskatu du.
Epaiketak bihar jarraituko du auzipetuaren lagunen deklarazioekin.