Manifestazioa egingo dute larunbatean murrizketen aurka
Zortzi sindikatuk eta 60 elkarte baino gehiagok murrizketen aurkako eta politika aldaketen aldeko manifestazioa egingo dute larunbatean. Deitzaileen hainbat ordezkarik agerraldia egin dute goizean, Bulebarreko kioskoan. “Hondamendira garamatzaten murrizketei eta aplikatzen ari zaizkigun politikei uko egiteko” manifestazioan parte hartzeko deia egin dute. Bulebarretik, 17:30ean irtengo da manifestazioa.
Oarsoaldeko Langabeen Asanbladako ordezkari Beñat Burladak, euskaraz, eta SOS Arrazakeriako Silvana Lucianik, gazteleraz, adostutako idatzia irakurri dute. Bertan, Hego Euskal Herriko instituzioei eskatu diete gizarte prestazioetan ezarritako murrizketak bertan behera uzteko, azken hamarkadetan onartutako erreformak atzera botatzeko, eta justua nahiz progresiboa den politika fiskala ezartzeko. Era berean, lan eskubide nahiz eskubide sozialen aitortza eta erakundeek euren politika “errotik aldatzea” aldarrikatu dute; besteak beste, aukera berdintasuna, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak, eta lan produktiboa nahiz erreproduktiboaren banaketa gauzatuz.
Horiek lortzeko, aberastasuna eta lanaren banaketa oinarri izango duen lan harreman eta gizarte-babeseko euskal esparruaren beharra nabarmendu dute. Ohartarazi dutenez, horiek, “mobilizazioaren eta presio sozialaren bidez bakarrik lortuko ditugu”.