«Isileko lana» eta «eraginkortasuna», udal gobernuaren ardatzak
Juan Karlos Izagirre alkateak agintaldiaren balantzea egin du, udal hauteskundeetatik urtebete igaro denean
2011ko maiatzaren 22an irabazi zituen Bilduk udal hauteskundeak. Urtebete da Bildu agintera iritsi zela eta Juan Karlos Izagirre alkateak balantzea egin du. Inongo protagonismorik bilatu gabe, «isileko lana» eta «eraginkortasuna izan dituztela ardatz azpimarratu du alkateak. Urtea, gainera, «nahiko zaila eta gogorra» izan dela dio. Halere, «politika jarraitzailea» alde batera utzi eta «aldaketaren aldeko» erronkari heldu diotela esan du. Ematen ari diren pausoekin «baikor eta pozik» daudela nabarmendu du.
Buruhauste nagusiena hiriaren alde lan egin eta «hiriarentzat onena» lortzea izan dela zehaztu du alkateak. Horretarako, harreman sare zabala landu dutela dio. Oposizioko udal talde guztiekin erabakiak adostu dituztela azpimarratu du eta gehiengo sindikalarekin udal langileen lan hitzarmena sinatu dutela adierazi du Izagirrek.
Oposizioko udal taldeak, aitzitik, «bateratuta, koalizio bakarra balira bezala» aritu direla askotan salatu du. Eraikitzen lagundu baino, oztopoak eta trabak jartzen aritu direla kexu da. Hainbat alderdik beste erakunde batzuekin dituzten harreman eta adostasunak korapilatzeko udalean jasotako informazioa baliatu dutela ohartarazi du alkateak. Hori hiriaren kalterako besterik ez dela jakinarazi du.
Juan Karlos Izagirrek, gainera, ez du ontzat jo «inork kudeaketa lezioak» ematea. Leziorik eman behar ez luketen horien artean PSE-EEko ordezkariak leudekeela aditzera eman du, «Illunbeko zama gauzak nola egin behar ez diren adibidea» baita, alkatearen ustez.
PPren jarrera kritikatu du alkateak, halaber. Hirian garatu nahi dituzten proiektu askotan bi udal taldeak bat datozela dio; PPk, ordea, Bilduren erabakien aurka egiteko agindua duela esan du. Madrilen «morroi» direla erantsi du Juan Karlos Izagirrek. Udal gobernuko kideak, beraz, «elkarlanaren» aldekoak direla eta Aste Nagusian PPko zinegotziek eta alkateak topa egiten ateratako argazkia, Donostia 2016ko lorpenaren edota gizon dantzaren irudia, alegia, «denak elkarrekin» agertzen diren horiek nahiago dituztela zehaztu du.
Udal lanpostu eskaintzarik ez
Udal taldeekin ez ezik, herritarrekin batera ere hiria eraiki nahi dutela gaineratu du alkateak. Horretarako, agintaldiari ekin bezain laster, Auzo eta herriak Donostia indartzen ekimena jarri zuten abian eta bilera haietatik atera dituzten ondorioak ondorengo asteetan aurkeztuko dituztela aurreratu du.
Udal gobernuaren beste helburuetako bat krisi ekonomiaren ondorioak pairatzen dituzten donostiarren egoera arintzea da. Sortu duten ekonomia suspertzeko planak 1.130 lanpostu sortzeko asmoa duela eta hurrengo astean egingo den Enplegu Azokan 400 lanpostu eskainiko dituztela gogorarazi du. EAJrekin adostutako inbertsio planaren bidez, era berean, dendari eta autonomoak lagunduko dituztela jakinarazi du. Aldiz, Espainiako Gobernuren murrizketa neurriek 200 udal lanpostu eskaintzeko asmoa bertan behera utzi dutela adierazi du Izagirrek.
Euskara eta kultura jo ditu alkateak agintaldiko lehentasunetako bi. Euskara lan tresna bihurtzeko ahalegina eta kultura «bizi» bat lortzeko bidean, sorkuntzaren alde egindako apustua nabarmendu ditu. Era berean, Donostia 2016 eta Tabakaleraren alde egindako apustu sendoa azpimarratu ditu.
Azaroko uholdeek eragindako hondamendiari aurre egiten ere jakin dutela azaldu du Izagirrek. Hain justu, uholdeei aurre egiteko plan berria prestatu dutela eta bizilagunen ekarpenak jaso dituztela esan du alkateak. Planaz gain, gainontzeko erakundeekin uholdeak ekiditeko hartu beharreko neurriak zehazten ari direla erantsi du.
Urumeatik atera gabe, Txomin Eneako hirigintza egitasmoa aurrera ateratzea jomuga nagusi dutela gogora ekarri du. Etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, etxebizitza hutsen arazoari aurre egitea da udal gobernuaren beste erronketako bat. Etxe huts izenda daitezkeen bizitoki horiek identifikatzen ari dira egun.