Garai berrietara egokituko dute Paco Yoldi kiroldegia
Aldagelak txukundu, hodi eta iturriak berritu, girotze sistema hobetu eta ekipamenduaren antolaketa aldatuko dute
Hiru hilabetez, ekainaren 18tik irailaren 17ra, itxiko ditu kiroldegiak ateak
1992. urtean eraiki zuten Paco Yoldi kiroldegia. Hogeigarren urtemugan, kiroldegia garai berrietara egokitzeko eraldaketa oparituko dio Kirol Patronatuak Anoetako kirol guneari. Inbertsioa milioi bat eurokoa izango da.
Aldagelak txukunduko dituzte, hodi eta iturriak berrituko dituzte, kiroldegia girotzeko sarea hobetu eta antolaketa aldatuko dute, besteak beste, mugitzeko zailtasunak dituztenak erosoago ibil daitezen. «Igerilekura joateko hobeto dute; gimnasiora sartzeko, aldiz, oso gaizki», azaldu du Iñaki Iruretagoiena Kirol Patronatuko Marketin eta Herritarren Arretarako arduradunak. Gimnasioko aldagelak, gainera, erabiltzailez gainezka izaten denean orduetan –18:00-19:00 artean– batik bat, «txiki» geratzen direla onartu du. Hala, eraberritze lanek irisgarritasun araudia nahiz legionelari aurre egiteko araudia betetzeko balioko dute.
Erabiltzaileentzat, baina, opari gazi-gozoa izango da, irailetik aurrera egungoak baino erosoagoak diren instalakuntzak izango dituzten bitartean; hiru hilabetean, ekainaren 18tik irailaren 17ra –ondo bidean– , Paco Yoldi ez den beste kiroldegi bat aukeratu beharko dutelako igeri egin edota bestelako ariketak egiteko.
Egunero edo maiz Anoetara kirola egitera joaten direnen artean kiroldegia ixteak endredo handia sortuko diela kexu dira batzuk. Iñaki Iruretagoienak, ordea, argi dio: «Ezin da irekita mantendu, aldagelak eta iturgintza hornikuntza botako dituztelako. Ez da urik egongo eta igerilekuan, ziurrenik, iragazkiak aldatuko dituzte». Beste erremediorik, beraz, ez dago. Lanok, gainera, neguan egingo balira, «kalteak handiagoak izango lirateke, erabilera handiagoa delako».
Olinpiar neurriko igerilekuak, kirol pistek, gimnasioak edota neguan nahiz udan antolatzen diren kirol ikastaroek erakarrita 1.200 lagunek baino gehiagok zapaltzen dituzte Anoetako kirol instalazioak. Iaz 441.089 erabilera zenbatu zituzten eta hogei urteko ibilbidean zortzi milioitik gora. Zuhaiztik bakarrik gainditzen ditu Paco Yoldiren datuak. Hain justu, Zuhaizti eta Etxadi izan daitezke Kirol Txartelarekin uda honetan igeri egitera joan nahi dutenen alternatiba. Amaratar askok hartu beharko dituzte bi aukerak aintzat, 8.900 amaratarrek (amaratarren %32) dutelako Kirol Txartela auzoan. Easo klubak, hala nola, Etxadin egingo ditu udako ikastaroak.
Kirol Txartela dutenek nahiz beste guztiek alabaina aldaketa handia nabarituko dute irailaren 18tik aurrera. Igerilekura doazenek ez dute aldagela eta dutxen artean batera eta bestera korridorean barrena ibili beharko, bateratuko dituztelako. Hiriko kiroldegi bakarra da dutxak eta aldagelak bereizturik dituena. Aldagelak eta armairutxoak gaizki daudelako kexa ugari jaso dituztela jakinarazi du Iruretagoienak. Armairutxo berriak izango dituzte, bada.
Altzako eta Monseko kiroldegiak, hurrengo erronka
EAJk eta Bilduk adostutako inbertsio planean Jolastokiko pilotalekuko argiteria hobetzea, Altzako kiroldegiaren birgaikuntza eta Mons kiroldegiko teilatua txukuntzea aurreikusi dute.
Altzako kiroldegira doazen erabiltzaile asko dago ekipamenduarekin gustura ez dagoena. Altzan egin beharreko eraberritzea Anoetakoa baino handiagoa dela erantzun du Iñaki Iruretagoiena Kirol Patronatuko teknikariak. Egitura nola dagoen ikusteko azterketa bat egin dutela eta Altzan hartu beharreko erabakiak «sakonagoak» direla jakinarazi du.

