Murrizketen aurka kalera irtengo dira larunbatean

Zortzi sindikatuk eta 60 elkarte baino gehiagok deitu dute Donostiako manifestazioa ELA, LAB, HIRU, CNT, ESK, Kepasakonlakasa, Stop Desahucios, SOS Arrazakeria eta Mugarik gabe dira murrizketen aurkako eta politika aldaketen aldeko manifestazioa deitu dutenetako batzuk. Guztira, zortzi sindikatuk eta 60 elkarte baino gehiagok deitu dute larunbateko protesta. Deitzaileen hainbat ordezkarik agerraldia egin zuten atzo Bulebarreko kioskoan. Hauek, Bulebarretik, 17:30ean irtengo den mobilizazioan parte hartuz “hondamendira garamatzaten murrizketei eta aplikatzen ari zaizkigun politikei uko egiteko” eskatu zieten donostiarrei.

Oarsoaldeko Langabeen Asanbladako ordezkari Beñat Burladak, euskaraz, eta SOS Arrazakeriako Silvana Lucianik, gazteleraz, adostutako idatzia irakurri zuten. Bertan, Hego Euskal Herriko instituzioei eskatu zieten gizarte prestazioetan ezarritako murrizketak bertan behera uzteko, azken hamarkadetan onartutako erreformak atzera botatzeko, eta justua nahiz progresiboa den politika fiskala ezartzeko. Era berean, lan eskubideak nahiz eskubide sozialak aitortu eta erakundeek euren politika “errotik aldatzea” aldarrikatu dute. Horiek lortzeko, aberastasuna eta lanaren banaketa oinarri izango duen lan harreman eta gizarte-babeseko euskal esparruaren beharra nabarmendu zuten. Ohartarazi zutenez, horiek, “mobilizazioaren eta presio sozialaren bidez bakarrik lortuko ditugu”.

Manifestazioa, igandean Bilbon eta Gasteizen egindakoak bezain jendetsua izatea espero dute. Lucianaren ustez “azken aldiko murrizketan aurrean, bereziki osasun alorrekoak, nahikoa da esatea eta mobilizatzea beharrezkoa da”.

HITZAkide HITZAkide