Estigmak gainditzeko garaia

Dunixe Oiarbide, Ageda Navarro, Eluska Arrieta eta Alfonso Lopez Etxezarreta, aurtengo kartela eskuetan dutela. (Argazkia: Maitane Aldanondo)
Epilepsia gaitz oso ezezaguna da, baina, aldi berean, denok dugu haren berri». Alfonso Lopez Etxezarreta antiguatarra epileptikoa izateaz gain, Gipuzkoako Epilepsia Elkartearen (AGE) buru ere bada. Bihar gaitz honen eguna ospatuko da, eta data hainbat aldarrikapen egiteko baliatu nahi dute. Izan ere, gaitzaren inguruko uste okerrak eta iritzi txarra zabaldu direla uste baitute, eta horri aurre egiteko bidea, informazioa zabaltzea dela. Horregatik, Epilepsia. Ezagutzeak berdinak egiten gaitu aukeratu dute aurtengo lelo gisa.
Gizarteak kontzientzia hartu eta muga nahiz aurreiritziak gainditzeko, herritarrek epilepsiaren zer den ulertu behar dute. “Neuronen kontrolik gabeko deskarga da, zirkuitu laburraren antzekoa”, laburbildu du Lopez Etxezarretak. Ez da gaitz mentala, fisikoa baizik; eta askok uste dutenaren kontra, ez du adimen urritasunarekin loturarik. Krisi mota asko dago, eta batzuek konbultsioak eragin arren, beste batzuk ez dira nabaritu ere egiten. “Oraindik deabrua barruan dutela edo gaitz mentala dela, adimen urritasunari lotua dagoela… uste dute batzuek. Ez da horrela. Ez da sendatzen, baina beste gaixotasun batzuk bezalakoa da”, baieztatu du Ageda Navarro altzatarrak. Bere alaba zazpi hilabete zituenetik epileptikoa da. Navarrok aipatutakoek, gaixo askok gaitza ez onartzea dakar. “Adinak eragina du horretan. Zenbat eta gazteago izan, errazago onartzen da. Gaztaroan diagnostikatuz gero, epilepsiak dakartzan mugek bizitza erabat aldarazten dute, eta hori onartzea zaila da”, zehaztu du Lopez Etxezarretak.
Lan munduko ateak itxita
Sendagaiei dagokienez aurrerapen handiak egin dira, eta hainbat kasutan, gainera, ebakuntza egiteko aukera ere bada. Azken urteetan alor horietan aurrera asko egin den arren, gizartean ez da hala izan. “Ez dugu gure alde egitea eskatzen, berdintasuna baizik”, argitu du antiguatarrak. Bereizkeriaren adibide, lana aurkitzen saiatzean bizi ohi dutena. “Epilepsiak lan munduaren ateak ixten dizkigu”, aitortu du antiguatarrak. Ondorioz, batzuek, gaitza ezkutatzea nahiago izaten dute. Hori, ordea, “bi ahoko ezpata da. Ulertu arren, ez egiteko gomendatuko nieke”, dio AGEko buruak. Enpresariei, berriz, “arriskatzeko” eskatu die.
Eluska Arrieta elkarteko idazkari izateaz gain, epileptikoa ere bada, eta halako egoerei aurre egin behar izan die. “Diskriminazio egoerak bizi izan ditut, baina era berean, arriskatu direnek ikusi ahal izan dute nire lana besteek bezain ongi egin dezakedala” . Bizitza normala egiten du, ia mugarik gabe. Ezin du gidatu ezta alkoholik edan ere, eta egunero sendagaiak hartu behar ditu, baina Arrietarentzat horiek ez dira eragozpenak.
Epilepsiari buruzko informazioa zabaltzeko, Espidal doktoreak hitzaldia emango du, bihar, Doctor Camino liburutegian, 19:00etan. Horrez gain, elkartea ezagutarazteko eta Gipuzkoako 2.500 bat epileptikoengana heltzeko, AGEren webgune berria abian jarri dute aste honetan.

