Emakumezko baten gorpua topatu dute Santa Klara irla parean

Itxura batean emakumeak indarkeria zantzurik ez duela jakinarazi du Herrizaingo Sailak Piraguan zebiltzan gazte batzuek emakumezko baten gorpua topatu zuten atzo goizean, 10:45ak inguruan, Santa Klara uhartearen parean. Gorpua ikusi bezain laster abisua eman eta Gurutze Gorriak uretatik jaso eta lurrera eraman zuen. Dokumentazio daturik topatu ez dutenez, ezin izan zuten atzo identifikatu; halere, 30 eta 40 urte bitarteko emakumezko bat dela aditzera eman dute. Itxura batean, gainera, ez du indarkeria zantzurik.

Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, gaur egingo diote autopsia gorpuari. Ertzaintzak abian du ikerketa, eta hipotesi guztiak zabalik dituzte. Auzitegiko medikuak egingo duen azterketak, besteak beste, gorpua identifikatzen lagunduko du eta heriotzaren arrazoiak argitzeko balioko du. Ondorengo orduetan pertsonaren bat desagertu dela adierazteko Ertzaintzarengana jo dezakeen inor ager daitekeela eta identifikatzeko arrasto baliagarriren bat eskain dezakeela zehaztu dute.

HITZAkide HITZAkide